Abaltzisketa Txindoki erronka burutuko dute ondarrutarrek
Ioana Osa, Jon Feijoo eta Txomin Bustinduik 51:18ko marka hobetzeko saiakera egingo dute zapatuan [urriak 15], 10:00etan.

Abaltzisketatik Txindokirainoko 6,2 kilometro eta 976 metroko desnibela duen ibilbidea burutu beharko dute hiru ondarrutarrek. Erronka 51 minutu eta 18 segundo baino arinago egitea da.
2009. urtean burutu zen erronka hori, Jabi Lasa aizkolariak Abaltzisketako herriari botatako erronka batengatik: “Ez dago Abaltzisketan bat, ezta hiru herritarrik, nik baino denbora hobean ibilbidea osatuko duenik”. Hortik abiatuta, Jon Zubizarreta, Iñaki Gorostidi eta Mikel Senperena Abaltzisketako herritarrek erronkari eutsi zioten. Bakoitzak ibilbidearen zati bat eginda, Jabi Lasak botatako erronka irabazi zuten. Txindokiko gailurra jo zuten, Lasak baino 2 minutu eta 43 segundo lehenago.
Erronka, Ondarroara. Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatearen eta Iñigo Toña ondarrutarraren arteko apustu batetik abiatu da zapatuan burutuko den erronka. Hain zuzen ere, lagunarteko harremanean apustu bat egin zuten: Ondarroa Arraun elkarteak lehen mailan mantentzea lortuz gero, Arraun Elkarteko bandera ezarriko zuten Abaltzisketako Udalean. Apustua irabazita, Abaltzisketako herriaren eta Ondarroako Arraun Elkartearen arteko senidetza burutuko da zapatuan. Hortik abiatuta, mendi erronka berriro egiteko eskaintza etorri zen, eta onartu egin zuten.
Zapatuan, erronka, senidetza eta hori guztiori ospatzeko herri bazkaria antolatu dute Abaltzisketan.