Eztizen Telletxea: "Berdintasun batzorde bat sortzea gakoa litzateke kaleko beharrak jakiteko"
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana onartu du Markina-Xemeingo Udalak. Datozen lau urteotan 37 bat ekintza gauzatzea aurreikusten da dokumentu berri horretan.
Zeintzuk dira Markina-Xemeingo II. Berdintasun Planaren erronka nagusiak?
Plan berriagaz Markina-Xemeingo Udalak berdintasunarekiko daukan konpromisoa sendotu nahi izan du, eta, datozen urteetarako, berdintasuna txertatzeko eta indarkeriaren aurkako ekintzak antolatzea.
Ze epealditan egongo da plana indarrean?
II. Planak lau urteko indarraldia du, eta 2025eko abenduan amaituko da.
“Berdintasuna txertatzea ez da bakarrik nire betebeharra izango, denok hartu dugu horretarako konpromisoa; ikuspegi transbertsala duen bide orria zehaztu dugu”
Zeintzuk pauso eman dituzue plana egiteko?
Lehenengo diagnostiko bat egin zen, eta diagnostiko horretarako behar zen informazioa ateratzeko metodologia ezberdinak planteatu genituen. Horrela, eragile klabeekin (politikari, teknikari, herri eragile, elkarte…) elkarrizketak eta dinamika desberdinak burutu ziren, eta gero, lehenengo zirriborro bat proposatu genuen eta kontrasteak egin genituen prozesuan parte hartu zuten guztiekin. Plana partaidetza prozesu baten bidez egitea izan da helburua, eta prozesu horretan parte hartu dutenen ekarpenak islatzea.
Zeintzuk aldaketa daude lehen planetik bigarrenera?
Aldaketa nagusia bigarren plana burutzeko Berdintasun teknikari bat kontratatzea izan da. Erreferente izango den pertsona bat zehaztu da, ildoari jarraitzeko. Baina berdintasuna txertatzea ez da bakarrik nire betebeharra izango, denok hartu dugu horretarako konpromisoa; ikuspegi transbertsala duen bide orria zehaztu dugu. Lidergoa nik daramat, baina egunero elkarlanean ari naiz lankideekin.
Zeintzuk izango dira planaren ardatz nagusiak?
Lau ardatz planteatu ditugu. Alde batetik, Gobernu ona deitzen duguna. Hau da, etxean lan egitea, udaletxe barruan. Berdintasuna transbertsalki kudeatzeko estrategia ezberdinak planteatu ditugu: hizkuntza berdinzalea lantzea, datu guztiak sexuz bereiztuta jaso behar direla eta formakuntza ematea bai politikari zein teknikariei. Beste hiru ardatzak herritarrei zuzenduta daude: Emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizartearen eraldakuntza lantzea eta azkenik, emakumeen aurkako indarkeria. Programa eta ekintza ezberdinak planteatzen ditugu horiek guztiak lantzeko. Adibidez, hezkidetza programagaz hasi gara, eta ikastetxeetan berdintasunaren inguruko ikastaroak burutuko ditugu; sentsibilizazio saioak antolatuko ditugu, esate baterako, azaroak 25aren inguruan egingo ditugun ekintzak ardatz horretan sartzen dira. Emakumeen aurkako indarkeriri lotuta, berriz, prebenitzeko eta koordinazioa hobetzeko programak eramango ditugu aurrera. Horretarako, aurten ere, Emakunderen diru laguntza eskatu eta jaso dugu emakumeen aurkako indarkeria kasuetan esku hartzen duten eragileen koordinazioa hobetzeko. Hau da, osasun arloa, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta gizarte zerbitzuak nola kudeatu behar dira euren artean erantzun koordinatu bat emateko, zelako informazioa pasatu behar duten batetik bestera… Horretan gaude.
“Autodefentsa ikastaroa, emakumeen ahalduntzean txertatutakoa eta COVID 19ak zaintza arloan izan duen eragina aztertu dugu. Diagnostiko bat egin dugu”
Ekintza zehatzak ere zehaztuta dituzue, beraz.
Lau ardatz, bederatzi helburu, eta guztira, 37 ekintza planteatu ditugu. Batzuk bete ditugu dagoeneko. Udaleko langile eta politikariei prestakuntza plan bat ezarri diegu, haiekin egin ditugu oinarrizko formakuntza eta hiz-
kuntza berdintzailea erabiltzeko formakuntza. Horrez gain, autodefentsa ikastaroa, emakumeen ahalduntzean txertatutakoa eta COVID 19ak zaintza arloan izan duen eragina aztertu dugu. Diagnostiko bat egin dugu, eta aste honetan edo hurrengoan publikatuko dugu. Diagnostiko horretan COVIDak zaintza profesioanalean, zaintza ez profesionalean eta autozaintzan izandako inpaktua aztertu da. Badakigu ezberdina izan dela emakume eta gizonengan, eta hori jaso nahi genuen gero gure udal ekipamenduak eta udal zerbitzuak egokitzeko. Jaietako programazioan ere berdintasun klausulak txertatu ditugu barrakeroekin, irudi edo musika sexista ez erabiltzeko, eta eraso sexisten aurkeko bideo bat ere grabatu genuen herritarrekin. Kronograma bat eratu dugu, eta badakigu zertzuk diren 2022an, 2023an, 2024an eta 2025ean burutu behar ditugun ekintzak. Horiek momentuko errealitateari egokitzen goaz, behar desberdinak agertzen joaten dira eta.
Udalaren sail guztietan nabarituko da planaren eragina?
Guztietan. Gu elkarlanean gaude beti beste sailekin. Hirigintza arlotik, esate baterako, genero ikuspegia lantzea ezinbestekoa da. Ezin dugu obra bat egin aztertu gabe zein izango den inpaktua emakume eta gizonen artean. Ez da soilik argia edo iluntasuna aztertzea, kaleak egokituta egotea ere garrantzitsua da, adibidez. Orgak edo gurpildun aulkiak nortzuk eramaten dituzte? Emakumeek batez ere, eta hori kontuan hartzea garrantzitsua da. Ekintzak neutroak direla uste badugu azkenean ezberdintasun hori mantentzen duzu.
“Berdintasun alorrean, Markina-Xemeinen oinarri bat badago. Lankideek lantzen zuten berdintasuna, euretako bat, gainera, berdintasunaren inguruko master bat egiten ari da”
Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan zer egitea aurreikusi da?
Erabaki genuen gai hori ardatz garrantzitsu bat izan behar zela gure planean. Alde batetik, indarkeria prebenitzeko ekintzak eta formakuntzak antolatzen ditugu. Baina eraso bat gertatzen denean gutxienez erantzun egoki bat ematea bermatu behar genuen, eta horretarako gure protokoloa diseinatuko dugu. Protokolo honetan eragileen arteko koordinazioa hobetu nahi dugu, baina baita udalak horren aurrean nola erantzun behar duen ere adierazi nahi dugu. Arazo publiko bat den heinean erantzun publiko bat egon behar da, eta nola eta zein kasuren aurrean erantzun zehaztuta geratzea nahi dugu. Adibidez, jaietan eraso bat egongo balitz ezin dugu galdu denbora eztabaidatzen zer egin, hori idatzita utzi behar dugu. Protokoloak ez die erantzuna emango kausisitika guztiei, baina gutxienez protokolo bat egon behar da. Protokolo hori egiteko talde eragile bat sortu dugu, elkarrizketak egiten ari gara eta hiru formakuntza saio ere egingo ditugu. Abendurako protokoloa prest edukitzea da asmoa.
Martxotik zaude Markina-Xemeinen. Zein da aurkitu duzun egoera?
Nahikoa erraza. Oinarri bat badago. Lankideek lantzen zuten berdintasuna, euretako bat, gainera, berdintasunaren inguruko master bat egiten ari da. Herritarrei begira, hasieran nire oztopo handiena izan daiteke herriko errealitatea ez ezagutzea, eta horretarako, berdintasun batzorde bat sortzen saiatzen ari naiz. Hori da niretzat estrategiarik onena, herritarrek kalean gertatzen diren egoerak hurbiltzeko espazio bat delako. Udal modura ekintza asko egin ditzakegu, baina, agian, ez datoz bat kaleko beharrekin, eta berdintasunerako batzorde hori izango litzateke horretarako gakoa.