'Hondamendia'-k erdigunean jarriko ditu Zaldibar eta pandemia, Markina-Xemeinen
Antzezlana Lapurdin estreinatuko dute barikuan [urriak 14], eta Markina-Xemeingo Unin ikusi ahalko da domekan [urriak 15]. Obra galdezkatzeko dagoela eginda dio zuzendariak, ez salatzeko.
Besteak beste, 2020. urteak bi gertakari nagusi utzi zituen: Zaldibarko zabortegian gertatutako lur jausia eta haren ondorioz hildako bi langileak eta COVID-19aren pandemia. Eta hain zuzen ere Axut! konpainiak eta Artedramak bi gertakari horien inguruko gogoeta dakarte Hondamendia antzezlanean. Antzezlana barikuan [urriak 14] estreinatuko da Luhuson (Lapurdi), eta domekan [urriak 15] Markina-Xemeinen ikusteko aukera egongo da, 20:00etan, Uni frontoian. Sarrerak udaletxeko kutxazainean daude eskuragarri, 10 eurotan; ikuskizunaren egunean leihatilan erosi ahalko dira.
Obra Zaldibarko zabortegiko gertakaritik abiatzen da, eta horri pandemia gehitzen zaio, beste luizi bat balitz bezala. «Zaldibarko lur jausia zerbait izugarria izan zen. Baina ematen zuen horretarako prest geundela, eta baita ere onartu egiten dugula horrelako tragedia bat gure ongizatearen izenean. Eta atzetik pandemia heldu zen», dio Ximon Funchek.
Antzerkia, dantza, musika eta arte plastikoak uztartzen ditu obrak, baina baita ere bideogintza. «Bideogintzak pandemia garaian hartu zuen gaina. Elkarrekin komunikau ahal izateko beharrezkoa genuen pantaila eta horrek gure bizitzaren koadroa markatu zuen».
Pertsonak protagonista. Pertsonaien obra bat izatea nahi zuten. Hala, hildakoen senideak, erizainak, kazetariak, osasun langileak, zabortegiko langileak, politikariak… dira protagonistak.
Denaren gainetik, Funchek argi dio obra ez dela salaketa bat. «Obra galdezkatzeko dago eginda, ez salatzeko. Pertsona eta komunitate moduan galdezkatzen dugu, gure hizkuntzan, gure hitzekin eta gure eredu propioekin».