Ondarroako Kamiñazpi aire libreko erakustoki bilakatuko da
Erresidentzia artistikoak antolatuko ditu udalak. Artistek egonaldiak egingo dituzte Ondarroan, herriaren nortasun eta ezaugarriak barneratu eta horma lanetan islatzeko.
Ondarroako Udalak aire libreko museo bat egin nahi du Kamiñazpi auzoan, Lian artistak egindako proposamen batetik abiatuta. Erakustokia eraikinetan egindako formatu handiko muralek osatuko dute, eta nazioarteko artista ezberdinek burutuko dituzte.
Proiektuaren egitasmoa Lian artistak aurkeztu zuen udaletxean, eta kultura sailak begi onez jo zuen. Lehenengo, mural bat egitea erabaki zen, hain zuzen ere, Lian nazioarteko artistak aurten burutu duena, eta bizilagunen aldetik erantzun “oso ona” izan duena.
2023an artisten topaketa bat egin, eta fatxada gehiagotan egingo dira muralak. Asmoa urtean bi mural egitea izango da. Erresidentzia artistikoak egingo dituzte artistek, hau da, hautatutako muralgileek egonaldia egingo dute Ondarroan, bizpahiru astez, herriaren izaera, berezitasunak, nortasuna eta kultur mugimendua eta herriko taldeen funtzionamendua barneratzeko, eta ondoren ekingo diote muralak egiteari. Lian izango da artisten bide lagun proiektuan, eta baita hautaketa prozesuan ere.
Herriaren nortasuna hormara eramango dute nazioarteko artistek.
“Hiruzpalau hari mutur batuko ditugu proiektu honen bitartez: Kamiñazpi auzoari balio gehigarri bat ematea kulturaren eta artearen bitartez, kanpoko artistak gure herrira ekartzea eta muralak euren fatxadetan egiteko prest agertu ziren bizilagun elkarteei ere aukera ematen jarraitzea”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Azken batean gure herriaren nortasuna erakutsiko duten muralak izango dira, artistek herriarengandik eta herritarrengandik jasotakoaren isla”.
Ezaugarriak. Lehenengo batzarrean hainbat izan ziren beraien fatxadak margotzeko prest agertu ziren bizilagunak. Behin lana eta emaitza ikusita, aukera egongo da berriz ere prestutasuna aurkezteko. Udaletik jakinarazi dutenez, udala izango da Kamiñazpiko bizilagunekin harremanetan jarriko dena. Hala ere, ezaugarri zehatz batzuk bete beharko dituzte, garrantzistuena amiantorik ez izatea.