Bustinduik, Osak eta Feijook Abaltzisketa-Txindokiko errekorra hobetu dute
Gaurko [urriak 15] erronkan ondarrutarrek 50 minututan eta hiru segundotan osatu dute ibilbidea.
Jon Zubizarreta, Iñaki Gorostidi eta Mikel Senperena Abaltzisketako herritarren marka hobetu dute Txomin Bustinduik, Ioana Osak eta Jon Feijook gaur [urriak 15]. Hori bai, galtzaileek aurreratu dutenez erronka errepikatu nahi dute, eta ondarrutarrek ezarritako 50 minutuko eta hiru segundoko denbora hobetzen saiatu.
Abaltzisketatik Txindokirainoko ibilbidea 6,2 kilometro luze da eta 976 metroko desnibel positibokoa. 2009an Jabi Lasa aizkolariaren erronka abiapuntutzat hartuta eta abaltzisketarrek egin bezala, ibilbidea hiru zatitan banatu dute ondarrutarrek, bakoitzak bat egin behar zuen. Eguraldia lagun izan dute ondarrutarrek eta animoak ez dituzte faltan izan.
Lehen kilometroak Ioana Osak egin ditu eta lehen erreferentzien arabera minutu bat galtzen bazuten ere, Jon Feijooren erreleboak markak parean jarri ditu. Azken zatian Txomin Bustinduik egindako esfortzuari esker lortu dute minutu bat eta hamabost segundotan jaistea errekorra. Oso pozik agertu dira hiru parte hartzaileak.
Erronka bukatuta senidetza giroan bazkarian elkartu dira erronka ikustera eta animatzera diren denak. Autobusa hartu dute askok, baina beste asko izan dira kotxetan joan direnak. Ondarruko Arraun Elkarteak giro bikaina nabarmentzeaz gain, eskerrak eman nahi ditu, eta zelan ez, irabazleak zoriondu: “Eskerrik asko Abaltzisketa, senidetze honek gauza ederrak ekarriko dosku“. Hurrengoaren zain geratu dira.