Ihart Arakistain eta Eneritz Lizardi dira Euskal Herriko txapeldunak
Gaur [urriak 15] Euskal Herriko zesta-punta txapelketako finalean 30-19 gainditu dituzte Ortiz de Mendibil eta Aldazabal.
Gaur [urriak 15] jokatu dira Euskal Herriko zesta-punta txapelketako azken bi partidak Berriatuko Mendibarren frontoian. 12:00etan hasi da hirugarren eta laugarren posturako partida, aurrez aurre Erika Mugartegi eta Frida Watkins urdinez eta Elaia Gogenola –Maite Ortiz de Mendibil ordezkatuz– eta Arai Lejardi gorriz. Gogenolak Maite Ortiz de Mendibil ordezkatu du hirugarren eta laugarren posturako partidan.
Hain zuzen ere, bikote gorriak partida nondik eraman nahi zuen argi eta garbi ikusi da lehen tantotik. Atzean kargatu nahi zuten jokoa, batetik Frida nekatzeko, eta bestetik, Mugartegiri jokoan sartzen ez uzteko. Horrela, 9-3 aurreratu dira. Gogenolaren sakezko falta bategaz urdinek hutsartea eskatu dute, hortik aurrera Mugartegi gehiago sartu da jokoan, baina hainbeste arriskatu beharragaz akats asko izan ditu. Gorriek partidaren hasieran lortutako abantaila ezin hobeto kudeatu dute eta garaipenera arte joan dira zuzenean. Azkenean, 30-20 irabazi dute.
Ihart Arakistain eta Eneritz Lizardi eta Maite Ortiz de Mendibil –Naroa Merino ordezkatu du, min hartu zuelako– eta Maialen Aldazabalen arteko finala jokatu zen. Lehen hiru tantoetako bi gorriak izan badira ere, berrituarrak eta mutrikuarrak lortu dute markagailuan zuloa zabaltzea. 2-9 aurreratu dira bat-batean 0-8ko partzial handi bategaz.
Lehen ez lehian bezala, Arakistainek eta Lizardik ez dute abantaila mantentzea lortu. Zumaiarrak eta berrituarrak markagailua irauli dute 15eko berdinketa kokatu arte. Bizia eman diete frontoira hurbildu ziren zaletuei. Arakistainek eta Lizardik beste kolpe bat eman dute mahai gainean hiru tantoko tarte txiki bat zabalduz, baina ez zuten kolpe erabakigarriagaz asmatzen, gorriak bizirik zeuden. 19-22kotik beste 0-8ko partzialagaz lortu dute txapela berrituarrak eta mutrikuarrak: 19-30.