Nagusiek hartu dute Mutriku
Gipuzkoako adinekoen XX. Ibilaldian 500 jubilatuk parte hartu dute gaur [urriak 15]. Joseba Palenzuelak ongietorria eman eta euren borroka azpimarratu du: "Etenagabe borrokan zaudete nagusiak eta hori mirestekoa da".
2020an ospatu behar zena ospatu dute gaur [urriak 15] Mutrikun. Koronabirusa alde batera utzita, 500 nagusik parte hartu dute Gipuzkoako adinekoen XX. Ibilaldian. AGIJUPENS Gipuzkoako jubilatu eta pentsionisten elkarteko kide eta lagunek Deba eta Mutriku lotzen dituen ibilaldia osatu dute.
11:00etan irten dira Debako nagusien egoitzatik Gilen Garcia herriko alkateak eman dio hasiera ibilaldiari. Bidean zehar, parte hartzaileek komunak eta ura zein janaria izan dituzte eskuragarri. Horrelako ibilaldietan egin ohi den bezala, nagusiek Deban, Mutrikun eta Arbeko geldialdian zigilu bat jaso dute dena behar den bezala egin dutela erakusteko.
13:00ak baino lehen hasi da kamiseta urdineko marea Mutriku hartzen. Herriko plaza urdinez bete dute apurka apurka, bakoitzak bere erritmoa izan du, baina hori bai, denek irribarre batekin ahoan amaitu dute ibilaldia. Orain, jai giroak eztana egiteko garaia zen.
Joseba Palenzuelak ongi etorria eman die. “Zorionekoak zarete, herri polit batetik hasi zarete eta herri politago batean amaitu duzue”, esan du broma artean. Gero, serioago jarri da eta pandemiak bidean utzitakoak izan ditu gogoan. “Aldarrikapen eguna da ere, etenagabe borrokan zaudete nagusiak eta hori mirestekoa da. Ez da bakarrik zuen egoera hobetzeko, hurrengo belaunaldiengatik ere zaudete borrokatzen, beraz, eskerrik asko. Eredugarriak zarete”.
Mutrikuko jubilatuen lehendakariak hartu du hitza gero, laster aldaketa egongo da zuzendaritzan eta egun berezi honekin ospatu nahi izan dute. “Denbora asko pasa da egun hau antolatzea pentsatu genuenetik, baina azkenean heldu da eguna. Denok batera elkartuko gara frontoian bazkaltzeko eta ostean elkarrekin egingo dugu dantza erromerian, ongi etorri Mutrikura eta ondo pasa”, amaitu du. Duela hiru urte Oiartzunen jasotako lekukoa eman diote gaur AGIJUPENSeko kideek Urnietako jubilatuen elkarteko lehendakariari eta alkatea
500 nagusiak Miruitz frontoian elkartu dira gero bazkari erraldoirako. Baina jai giroa ez da hor amaituko Mutrikun, arratsaldean musika izango da protagonista erromeria eta bailableekin. 19:00etan itzuliko dira nagusiak autobusean etxera.