Oihana Kortazar, Espainiako ultra trail txapeldun berria etapaka
Oihana Kortazarrek Ibereolica Sanabria Ultra Trail proba irabazi du. Garaipen horri esker Espainiako etapakako ultra trail txapelduna da Mutrikun bizi den elgetarra.
Mutrikun bizi den Oihana Kortazar mendi korrikalari elgetarrak Ibereolica Sanabria Ultra Trail lasterketa irabazi zuen joan den asteburuan, eta garaipen horri esker Espainiako txapeldun izan da etapakako trail lasterketetan. Sanabrian lehiatu zuten proba hori, eta hiru etapa eduki zituen, barikutik domekara bitartean.
Guztira, 110 kilometro eta 6.000 metro positiboko desnibela gainditu behar izan zituzten lasterkariek. Lehen egunean 32 kilometro egin zituzten; bigarrenean, 42; hirugarrenean, aldiz, 34. Kortazarrek bere nagusitasuna erakutsi zuen hiruretan, guztietan lehenengo postuan helmugaratuz. Gainera, proba bakoitzean ezarritako tarte kronometratuetan (igoeretan nahiz jaitsieretan) nagusi agertu zen Kortazar.
Lortutakoaz “harro eta pozarren” agertu da Kortazar, eta hiru eguneko lasterketa horren “edertasuna” azpimarratu du: “Sanabria ingurua aspaldidanik ezagutzen dut, eta pila bat gustatzen zaizkit bertako ibilbideak zein paisaiak; bizpahiru aldiz lehiatu dut bertan, eta beti izugarri gozatu izan dut”. Hiru egunetan “bere lasterketa egitera” atera zela adierazi du, eta buruan “bere marka propioak” eduki zituela: “Goi-mailako partaidetza egon arren, proba horretan aurretiaz neuzkan denborak hobetzea izan dut jomuga, eta hiru etapetako bitan helmuga hori bete dut; bigarren etapan, nire denbora hobetu ez arren, minutu bakarrera geratu nintzen”.
Kortazarrek “tentsiorik gabeko lasterketa” lehiatu zuen Sanabrian, denboraldiko helburu nagusiak bete ondoren. Dena dela, Sanabriako lasterketa aurten Espainiako etapakako txapelketa ere izan da, eta, hori dela eta, “motibazio bikoitza” izan da beretzat: «Beste hainbat probatan ez bezala, Sanabriara gozatzeko jomugagaz joan nintzen, lehiaketaren inongo tentsiorik gabe; garaipena lortu eta Espainiako txapeldun izendatzea sari gehigarria izan da niretzat».
Lehen etapako istripua. Emaitza aldetik lasterketa “bikaina” izan arren, lehenengo etapan istripu txiki bat eduki zuen Kortazarrek. “Etapa amaieran, kilometro pare baten faltan, orkatilla trokatu nuen; helmugan nire denbora hobetu ahal izan nuen arren, istriputxo horrek eragina eduki zuen hurrengo bi etapetan, orkatila minberatuta sumatzen bainuen, eta etapetako ibilbideak ez baitziren batere errazak, egoera horretan egiteko”.
Podiumean Gaztela eta Leongo lasterkari bi izan zituen lagun Kortazarrek: Henar Perez, bigarrena, eta Belen Perez, hirugarrena. Biak ala biak “goi-mailako mendi korrikalariak” direla azpimarratu du, baina uda osteko “sasoi puntu onak” beraien aurretik ibiltzea ahalbidetu ziela adierazi du. Sanabriako bidezidorretarako prestakuntzari dagokionez, “bide desberdina” aukeratu du Mutrikukoak: Angliruko Igoeran gailendu zen duela aste bi, eta 2008tik hobetu barik egon den emakumezkoen errekorra 5 segundoko aldeagatik poltsikoratu zuen.
Asturiasko proban eta Sanabriakoan topatu dituen ibilbideek elkarren antzik ez daukaten arren, Kortazar bietan “sasoiko” igarri zen; hori bai, argi eta garbi dauka zein izan zen berarentzat gogorrena: “Nahiago dut zortzi ultra erreskadan egitea, Angliruko Igoera baino”. Dena dela, aitortu du Angliruko garaipenean eta errekorraren hobekuntzan “zerikusi oso handia” eduki zuela mendi lasterketetako eskarmentuak: “Angliruko zenbait malda oinez igo behar izan nituen, baina ia-ia korrika baino bizkorrago joan nintzen; oinez arin ibiltzearen teknika jakin hori mendian landu eta garatu izan dut, baina asfaltoan zukutu ahal izan nuen”.