Pasabideak ezarriko dituzte Ondarroako bi puntutan irisgarritasuna bermatzeko
Herritarren irisgarritasunari irtenbideak emateko asmoz burutuko dira obra lanak Beikozini paretik Iparragirreko igogailura bidean eta korretatik elizarako bidean.
Ondarroako Udalak Irisgarritasun baldintzak hobetzeko zereginen artean beste aldaketa batzuk burutuko ditu, zehazki, herriko bi puntutan: Beikozini paretik Iparragirreko igogailura bidean eta korretatik elizarako bidean. Aurreratu dutenez, lanak azaroan burutuko dira.
Aipatutako eremuetan ezin da kalearen zabalera osoko lanik egin une honetan, alde batetik Alde Zaharreko eremuak direlako, eta bestetik zoru horren azpitik hainbat hornidura hodi doazelako. Hortaz, irisgarritasuna bermatzeko asmoz, kalearen erdian bide irisgarriak zabalduko dira: ”Kale erdian luzatuko den karreju bat izango da, Pixape kaleko baldosa berdinarekin, gurpildun aulkiekin eta antzekoekin arazorik gabe mugitu ahal izateko”.
Ondarru lagunkoia. Inguruko bizilagunen eskarietatik abiatuta eta Irisgarritasun Planean eta Ondarru Lagunkoia proiektuetan oinarriturik egingo dira lanak. “Herritarren irisgarritasun arazoei irtenbidea ematen ari gara, apurka-apurka. Ez du zentzurik igogailu bat edukitzeak bertarainoko bidea ez bada irisgarria. Eta beste hainbeste korretatik elizarainoko bidean” adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak .