Thomas Urrutiak eta Aimar Aldazabalek Winter Series Pro Am txapelketa irabazi dute, Berriatuan, Antxon Alberdiren eta Eñaut Salegiren kontra. Galtzen hasi ostean, partiduari buelta eman diote, eta berdinketa haustean erabaki da garailea.
Thomas Urrutia donibanegaraztarra eta Aimar Aldazabal berriatuarra dira Winter Series Pro Am txapelketako lehen garaileak. Bikote urdinak Antxon Alberdi etxebarritarraren eta Eñaut Salegi markina-xemeindarraren kontra maila handiko garaipena poltsikoratu zuen, markagailuan atzetik ibili ondoren.
Argazkia: Andoni Iparragirre (Guk Jai Alai).
Berriatuko Mendibarren pilotalekuan giro bikaina zegoen atzo [urriak 17] Pro Am lehiaketako finalerako. Finalak, hain zuzen ere, bi zati oso desberdindu eduki zituen: lehendabizikoan, bikote bien arteko berdintasuna nabarmendu zen. Antxonek horma biko jokaldi asko egin zituen, eta 6-6ra iritsi ziren. Hortik aurrera, Salegi partiduan gehiago sartu zen, eta gorriek 10-7rainoko bidea egin zuten. Lehen seteko azken jokaldian, Urrutiak horma biko ikusgarri bat egin zion Antxoni, baina honek beste horrenbestegaz erantzun zion, 15-8koagaz seta poltsikoratzeko.
Bigarren seta lehendabizikoaren itxuragaz abiatu zen: bikote gorriaren teknika urdinen botere fisikoa baino gehiago zen. Antxon eta Salegi 3-0ko markagailuagaz aurreratu ziren, baina orduantxe hasi zen Aimarren markagailu iraultzea. Tantoz tanto, Aldazabal eta Urrutia 3-4ra iritsi ziren, eta hortik aurrera ihes egin zuten markagailuan. Gorriek zazpira berdintzea lortu zuten, baina beraien ekina ez zen nahikoa izan Urrutiak eta Aimarrek jadanik hartua zuten erritmoari aurre egiteko. Izan ere, bigarren setean beste tanto bi gehiago baino ezin izan zituzten egin: 9-15 gailendu ziren urdinak.
Hirugarren eta azken setean, berdinketa haustean, urduritasuna nabarmendu zen 2-2ra arte. Antxonen hutsegite biren ondoren, 2-4koagaz, Aimarrek partiduaren ardura beregain hartu zuen, eta, eskumaz txik-txak egin ostean, azken tantoa lortu zuen. Aimarrek konfiantza transmititu zion uneoro Urrutia gazteari, eta partiduaren azken txanpan bere eskarmentua agerian utzi zuen.
Garaipen horregaz, Urrutiak eta Aldazabalek Gernika-Lumoko Winter Series txapelketan jokatzeko txartela eskuratu zuten Berriatuan. Dena dela, baxenabartarrak Danian jokatzeko hilabete biko kontratua du; hortaz, Winter Serieseko antolatzaileek aurreratu dute denboratxo bat hartuko duela non jokatu erabakitzeko. Gernika-Lumoko Winter Series txapelketa, hain zuzen, barikuan aurkeztuko dute, Mundakan.