Euskaraldiko izen ematea beste urteetan baino "mantsoago" doala ohartarazi dute
Izena emateko epea zabalik dago; entitateena urriaren 31n itxiko da, eta norbanakoena azarora arte egongo da zabalik. Lea-Artibain Ahobiziak Belarriprestak baino gehiago direla esan dute.
Azaroaren 18tik eta abenduaren 2a bitartean egingo da hirugarren Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta izena emateko epea zabalik dago irailetik; entitateen izen ematea urriaren 31n itxiko da, eta norbanakoena azarora arte egongo da zabalik. Lea-Artibaiko arduradunek aurreratu dutenez, gaur-gaurkoz izena emandakoen kopurua aintzat edukita, Ahobizi direnen kopurua handiagoa da Belarriprest direnena baino. Ondarroan, gutxi gorabehera “lau Ahobiziko Belarriprest bakarra” dagoela esan dute.
Ondarroako Euskara Sailetik adierazi dute aurtengo izen ematea beste urte batzuetan baino “mantsoago” doala: “Badirudi berritasun kutsua galdu duela egitasmoak, eta horrek herritarrek beren interesa modu hain sendoan ez erakustea dakar”. Entitateei dagokienez, 30etik gora dira izena eman dutenak. Herri txikietan ere hasiak dira Euskaraldiarekiko elkartasuna adierazten. Ispasterren, esaterako, urriaren 1eko Kuadrilla Egunean talde argazkia atera zuten (argazkia behean ikusgai).
Aurten ere herriz herriko batzordeek zeresan berezia edukiko dute, haiek baitira Euskaraldiaren tokiko dinamizazio beharrez arduratzen direnak. Lea-Artibain asko dira batzordeak eratu dituzten eremuak: Ispaster, Gizaburuaga, Amoroto, Aulesti, Munitibar, Markina-Xemein, Etxebarria, Berriatua, Ondarroa eta Lekeitio. Mutrikuk ere urrats hori egin du.
- Leloaren azalpena. Hitzez ekiteko garaia da leloak hitza eta ekintza uztartzeko beharra adierazten du: “Hitzaren bidez ekintzarako deia egin nahi zaie herritarrei nahiz denetariko entitateei, hitza baita kaleko hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko lanabes nagusia“.
- Rolak. Azken bi ariketetan bezala, aurten ere Ahobizi eta Belarriprest rolak hartu ahalko dira, bakoitzari dagokion txapa soinean eroanda: lehenengoa, ezpaina, euskara ulertzeko eta komunikazioa ekoizteko ahalmena zein borondatea daukatenei bideratuta dago; bigarrena, belarria, ostera, komunikazioa ekoizteko ez, baina euskara ulertzeko ahalmena eta borondatea dutenei dagokie.
- Ariguneak. Aurtengo erronka esanguratsuenetakoa Ariguneak eta beraien garrantzia hauspotzea izango da. Zer dira Ariguneak? Izan daitezke entitate baten barruan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Ostera antzean, Arigunea ere bada entitatean herritarrekiko hartu-eman espazioa, uneoro Belarriprest edo Ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko postuak, supermerkatuetako kutxak, tabernariak, dendariak…).
- Parte hartzailearen profila: Lea-Artibai eta Mutrikun ondokoa da Euskaraldian modu aktiboan gehien parte hartzen duen herritarraren profila: 30 urte inguru eta emakumezkoa.
Aurtengo Euskaraldia “mugarria” izan daitekeela uste dute: “Lehenengo Euskaraldia berritasun handia izan zen guztientzat, eta berritasun horrek, hain zuzen ere, egokitzapena eskatu zuen; bigarren aldian, ordea, koronabirusaren pandemia egoerak jaso zuen herritarren arreta, eta Euskaraldia erdibidean geratu zen zelanbait; beraz, hirugarren aldi hau konfirmazioarena izan daiteke”.