Jose Mari Bereikua 'Belaustei' omenduko dute Berriatuan
Belaustei aurten zendu da, eta haren lagunek omenaldia egin nahi izan diote. Zapatuan [urriak 22] egingo dute ekimena, 12:00etan, Berriatuko plazan.
Omenaldia egiteko, haren lagunek Belausteiren zaletasuna eduki dute kontuan. «Probalaria eta probazalea zen, beti egoten zen probak ikusten edo parte hartzen», esan dute Berriatuko Probazaleek. Hala, Belausteiren lagunek probaz eta bestelako sorpresaz betetako omenaldia prestatu dute zapaturako [urriak 22]; 12:00etan hasiko da ikuskizuna, plazan.
Alde batetik, Mallabiko Juan Luis Irazola gonbidatu dute; astoagaz egingo du proba. Aulestiko Kobaren Rubio zaldia ere ikusteko aukera egongo da, eta baita ere Berriatuko Usaistiren idi parea. Hori gutxi ez eta Berriatuko neska-mutilek giza proba egingo dute.
Berriatuko Probazaleek esan dute lagunek omenaldia egiteko asmoa zutela esan zietenean, haiei ere ideia ona iruditu zitzailela eta hala batu zirela guztien artean antolatu duten omenaldira. Ostean bazkaria egingo dute Epermendin.
Nor zen Belaustei? Basoko langile izatetik zetorkion proben munduarenganako zaletasuna Belausteiri. «Handik hasi zen zaletzen», esan dute haren hurrekoek. Gutxinaka-gutxinaka, urteekin, zaldiak, ardiak eta artzain txakur asko edukitzera ailegatu zen. «Bere benetako pasioa artzain txakurrak eta artzain txakur txapelketak ziren. Ardi asko zituenez, haiek guztiak gidatzeko ere txakur asko zituen, ondo entrenatutako txakurrak. Eta hala hasi zen artzain txakurren lehiaketetan parte hartzen». Berriatuan ere ospatu zen eskualde mailako artzain txakur txapelketa, eta han ere parte hartu zuen, zelan ez. Dena dela, zaldi-mando probetan eta auzo askotako festetan zaldi txikiekin ere ibiltzen zen. Hori zen bere mundua, bere pasioa.
Zaletasun horri jarraituz, lorpen asko eduki zituen Belausteik; manta, txapel eta garaikur asko zituen etxean, ia-ia animaliak beste. Baina bera zendu ostean, bere ibilbidea nork jarraituko duenik ere bada: bere seme Jon Bereikuak.
Lotsakorra eta jatorra. Talde argazkietan atze-atzean jartzen zen horietakoa. Horrelakoxea zela diote. Eta ez zen gutxiagorako izango, bera zendu eta segituan bere lagunek omenaldi bat egiteko beharra sentitu zuten eta. Horixe bera izango da zapatukoa, bihotzetik, laguntasunetik eta oro har, barru-barrutik maite zutena gogoratu eta laguna omentzeko ekitaldia.