Markos Untzeta: "Azken diskoan nire betiko estiloa mantentzen dut"
Hogei urte igaro dira musikariak lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta ibilbideak ematen duen esperientzia oinarri hartuta, seigarren disko landua aurkeztu berri du: 'Ekilibrista'.
Ekilibrista seigarren diskoa aurkeztu zenuen urriaren hasieran, Donostian. Nondik dator izenburuaren aukeraketa?
Abesti bat idatzi nuen momentu zail bat gainditu ondoren. Une horretan galdetu nion neure buruari ea zer behar nuen oreka pertsonala bilatzeko, zeintzuk ziren nire indargune eta ahulguneak. Nire egoera proiektatzeko kontzeptu baliagarria iruditu zitzaidan, eta horregatik erabili nuen izenburu bezala. Sokan barrena, alde batera eta bestera dabilenak erabaki egin behar duelako aurrera egiteko.
Nola definituko zenuke azkenengo diskoa?
Nire betiko musika estiloa mantentzen dut, beti mugitu izan naiz soinu eta melodia berdinetatik, eta oraingoan ez dago aldaketarik zentzu horretan. Batez ere, Ameriketako folk rock blues eta pop-rock soinuetatik elikatzen naiz , Tom Petty, Neil Young eta Bob Dylanen doinuak iturri erabilita. Nire kantu moldeak beti topatu izan ditut inguru horretan.
Hamar abestiz osatutako proiektua osatu duzu, horietako bat Giovannik sinatzen du, gainontzekoak zuk zeuk. Zelakoa da zure sormen prozesua?
Normalean melodia bategaz hasten naiz, eta, halako batean, melodiari eusteko asmoz, zentzu bariko berba solteak idazten hasten naiz. Horrek bokal batzuk eskatzen dizkit, edota kontsonante batzuk. Orduan, loturak egiten joaten naiz, eta esaldiak osatzen ditut. Estribilloak izan daitezke, ala ez. Gutxika hariari tiraka hasten naiz, eta hari horren muturrean abestia agertzen da.
“Kasu honetan asko zaindu nahi izan ditut gauzak, eta ondo landu, xehetasunei erreparatu eta hauek aintzat hartuz”
Lan talde bat egon da proiektuaren atzean.
Giovanni Zanon gitarra jotzailea eta biok izan gara diskoaren oinarria grabaketa prozesuan. Duela urtebete, urrian, maketa bat grabatu genuen Haritz Harreguy Studioan, ekoizpen lan bikain batean. Maketa horretan ez genuen soilik kantuak grabatu, jada konponketak eta ideia nagusia ere ezarri genituen. Grabatutako maketa hori Fernando Neira baxuaren eta Karlos Aranzegi bateria jotzaileari pasatu genion, eta beraiek maketa eskuan izanik, konponketak egin zituzten. Beraien ekarpen oso baliagarria izan da. Urrian egindako lanketa hartu eta orain diskoan dagoena alderatzen baditugu, esentzia bera duela ikusi dezaket. Hortaz, gitarra bi eta ahotsa zeukaten abestietatik, gaur egun duten aldaerara pasatu ziren beraien eskuetatik igaro ostean. Aurrerapauso itzelagaz konponketetan eta atmosferan, baina beti ere, esentzia mantenduz. Parte hartu duten kideek profesionalen lan talde bikaina osatu dute, oso ondo moldatu gara elkarrekin.
Proiektua abiatu zenetik eta gaur egun kaleratu duzun diskoa ikusita, pozik zaude emaitzagaz?
Egiaz esanda, inoiz baino pozago nago proiektuaren emaitzagaz. Aurretik egindako diskoetan gauza batzuekin ez nintzen guztiz gustura geratu. Kasu honetan, aldiz, asko zaindu nahi izan ditut gauzak, eta ondo landu, xehetasunei erreparatu eta hauek aintzat hartuz. Asko mimatu dugu abesti bakoitza, eta hori nabaritu egiten da azkenengo emaitzan.
2002an kaleratu zenuen zure lehenengo diskoa. Hogei urte pasatu dira jada. Atzera begiratzean, zelako aldaketak ikusi ditzakezu zure prozesuan?
Zaila egiten zait begirada atzera bota eta ibilbidearen balorazio orokor bat egitea edo zer aldatu den esatea. Nire ustez, kanpo ikuspegi batetik, beharbada, errazagoa litzateke. Pertsonalki gero eta errazago eta trinkoago idazten dudala sumatzen dut, errazago lortzen dut azken emaitzara heltzea. Hasieran asko borrokatu behar izaten nuen kantuekin, eta, orain, adiskidetzen hasi naizela esan daiteke. Prozesua askoz ere ezezagunagoa zen niretzat, ez nekien zein zen nire buruan nuen ideia zehazki eta zein izango zen nahi nuen emaitza. Orain, errazago egiten dut dena, argiago izaten dut zer nahi dudan eta zein tresna ditudan hori lortzeko.
Zelakoa izan da orain arteko ibilbidea musikari modura?
Ogibidez irakaslea naiz, hortaz, musikagintza presiorik gabeko zerbait bezala ikusi izan dut, edo hala egin nahi izan dut. Gustura egiten dudan gauza bat izan behar da niretzat, eta horrela da. Gorabeherak beti egoten dira, hortaz, behean egon izan naizenean saiatu naiz beste modu batzuetatik lortzen pizgarriak. Denetik egon da ibilbidean, egoera ondo joan denean gozatu egin dut bidea, eta txarto joan denean, zain egon naiz. Azkenean, gutxi gorabehera lau urtetik behin kaleratu ditut diskoak. Proiektuak aurrera eramateko diru iturri bat behar dut, eta egile eskubideekin lortzen dudan diruagaz finantzatzen joaten naiz lana. Hortaz, bitartean poliki-poliki lanean egoten naiz.
Entzungai dago Ekilibrista diskoa Markos Untzetaren webgunean.