Beñat Etxaburu ondarrutarrak parte hartu duen 'Unicorn wars' filma, zinema aretoetara
Alberto Vazquez zuzendari galiziarraren bigarren film luzea gaur [urriak 21] proiektatuko dute Espainiako zinema aretoetan, eta bihartik aurrera [urriak 22] Euskal Herriko zinema areto batzuetan ikusi ahalko da.
Beñat Etxaburu Uribe ondarrutarrak filmaren animazioan parte hartu du. Filmak gatazka belikoen zentzugabekerian eta erlijioa manipulatzeko arma gisa erabiltzean sakontzen du, haurrentzako ikonoen arteko liskar baten bidez. Gaur [urriak 21] estreinatu dute zinema aretoetan, eta bihartik [urriak 22] aurrera Euskal Herriko zinema batzuetan ikusteko aukera egongo da. Kritiko batzuen iritziz, “animaziozko filmik onena da”.
Nahiz eta hasiera baten iruditu haurrei zuzendutako filma dela, azpimarratu dute helduei zuzenduta dagoela. “Gerra, familia eta fedea umore beltzez jositako eszena zirraragarri eta bortitzekin jorratzen ditu”. Sitges-eko zinema jaialdian ere parte hartu du, eta kritika onak lortu ditu. “Unicorn wars Disneyren film batetik ateratako pertsonaia batzuk Coppolaren Apocalypse now filmeko protagonista gisa ikustea bezala da”, esan dute kritikoek.
Filmak itxura maitagarriko hartz txikien eta adarbakarren arteko gerraren istorioa kontatzen du. Gudaren erdian, beste gerra bat gertatuko da Azulin eta Gordi izeneko anaien artean, eta trama horrek familiari buruz hausnartzeko balio du: “Film honek gerra guztiek komunean duten hasiera kontatzen du. Baina familiarekiko maitasunarengatik haserratzen diren bi anaien arteko liskarra da muina”, azpimarratu du zuzendariak.