Keu Agirretxeak 'Minaren Poema' single berria argitaratu du
Agirretxeak Kirmen Uriberen 'Minaren Poema' olerkian oinarrituz argitaratu du izen bereko abestia.
Lagun baten heriotzaren urteurrenean hari buruzko poesia idatzi zuen Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak. Minaren Poema izenburuagaz, Uribek 17 segundo poema liburuan jaso zuen olerki hori. Orain, Keu Agirretxea musikari ondarrutarrak abesti bilakatu du.
Esan dutenez, Uribek saminetik idatzi zituen letrok. Bide beretik, Agirretxeak ere erraietatik sortu du melodia, soilik gitarraz eta ahotsaz baliatuz. “Parafernaliak alde batera utzita, sinpletasunak eman dakiokeen sentimendua da nagusi, azaleratu nahi denari garrantzia emanez, inongo apaindurarik gabe”.
Abestia Mutrikuko AME estudioan grabatu du ondarrutarrak, Axular Arizmendi mutrikuarraren gidaritzapean. “Ahalik eta soinurik organikoena eta gordinena bilatzen saiatu dira, konposizioari zor zaion naturaltasuna mantendu asmoz”. Azala, ostera, Freddy Agirretxea ondarrutarrak egindakoa da.