Jai Alai Winter Series: Sendotuta eta pilotari nahiz partidu gehiagogaz
Gaur aurkeztu dute Jai Alai Winter Series txapelketa. Zortzi bikote, hamasei jardunaldi eta lau hilabeteko iraupena edukiko ditu aurtengo edizioak. Aritz Erkiaga eta Jon Zabala iazko garaileez gain, Aimar Aldazabalek ere parte hartuko du. Jokin Arbe eta Ibon Aldazabal, aldiz, komentarista ibiliko dira.
Iaz, lehendabiziko aldian erantzun paregabea jaso ostean, are sendoago eta luzeago dator Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketaren bigarren edizioa. Bigarren urtez, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuak zesta-puntaren egungo izarrak hartuko ditu, Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren testigua nortzuek hartuko ikusteko. Pilotari kopurua handituko dute: sei bikotetik zortzira pasatuko dira. Ondorioz, lehiaketako partidu kopurua ere hazi egingo da, iaz baino ia norgehiagoka bikoitza egongo baitira: hamasei jardunaldi edukiko ditu, urriaren 31 eta otsailaren 19a bitartean. Iazko bi hilabeteetatik, beraz, laura igaroko da.
Gaur egin dute, Mundakako Santa Katalina ermitako zelaigunean, aurtengo Winter Series txapelketaren aurkezpen agerraldi ofiziala. Bertan egon dira jokatuko duten hamasei puntistak eta antolatzaile nahiz babesleak, denak Unai Narbarte aurkezle ofizialak gidatuta. Era berean, Mundakako alkate Irati Gondra eta Euskara, Kultura eta Kirol Foru diputate Lorea Bilbao ere aurkezpenean egon dira. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, aurtengo Winter Seriesen jomuga nagusiak “iazko edizioa gainditzea” eta “zesta-puntarentzako espazio berriak bilatzea” izango dira. Zentzu horretan, puntista gazteei atea zabaldu gura izan diete aurten. Horren erakusle da Thomas Urrutia (2001), Julen Del Rio (1996), Thibault Basque (1996) edota Johan Sorozabal (2002) gazteek jokatzea.
Bilbaok adierazi du txapelketa “oso indartuta” datorrela aurten, iazko “esperientzia bikainaren” ostean. “Pilotari gehiago, partidu gehiago eta ikusle gehiago edukiko ditu aurtengo edizioak, eta hori albiste bikaina da bai zesta-puntarentzat, bai euskal kirolarentzat, oro har”. Gondra ere pareko moldez mintzatu da: “Eskualderako oso albiste ona da maila hain handiko konpetizioa berton ospatzea, are gehiago formatu handiagoagaz eginda eta data berezi batean hasita”.
Zabala: “Uda oso ona izan da biontzat, baina, batez ere, Aritzentzat”
Hasierarik onena. Winter Series, hain zuzen ere, Jai Alaira bertaratuko diren gernika-lumotarrentzat oso berezia den data batean ipiniko da abian: Urriko Azken Astelehenean. Lehen edizioko txapeldunak Erkiaga eta Zabala, Unai Lekerika eta Xabier Barandika etxeko puntisten kontra neurtuko dira, maila handiko partidu batean. Hala estreinako partidu horretarako, nola txapelketa osorako, antolatzaileen aurreikuspena “oso positiboa” da. Aurten ere, iaz legez, txapelketa osorako bonu orokorra erosteko aukera egongo da; 60 euroko prezioa edukiko du . Eguneko sarrerak ere salgai ipiniko dituzte, eta salmenta, hain zuzen “bide onetik” hasi da: Egun gutxiren buruan, ia 500 bonu saldu dira”.
Erkiaga: “Aurtengo txapelketak ezustekoak edukiko ditu”
Iazko garaileak “motibazioz gainezka” agertu dira. Aurrelari ispastertarrak adierazi du “izerdia gogotik bota” beharko dutela bigarrenez txapela lortzeko, eta osatu dituzten bikoteak “maila izugarrikoak” direla. Garaipena berrestea baino, “ikuskizuna ematea” du helmuga Erkiagak: “Kirol eta txapelketa hau hain bero hartu dituzten ikusleei gure bertsiorik onena itzuli behar diegu eta horretako biderik egokiena ahalik eta partidurik ederrenak jokatzea da”. Horretarako bidea ere argi du: “Ligaxkan partiduz partidu egin beharko dugu, eta finalaurrekoetara indartsu iristen saiatu; hortik aurrera, ea lehiak noraino eroaten gaituen”. Aurtengo txapelketak, hautagaiei dagokienez, “ezustekoak” edukiko dituela ohartarazi du aurrelariak, eta “jende gaztearen maila handia” nabarmendu.
Zabalak, bere aldetik, “labana ahoan dutela” kantxaratuko direla aurreratu du: “Uda ona izan da biontzat, batez ere Aritzentzat, eta indartsu ailegatuko gara fisikoki eta buru aldetik”. Txapelketaren hazkundeaz galdetuta, “hankak lurrean” eduki behar direla adierazi du markina-xemeindarrak: “Iaz astelehenero frontoia bete egin zen, baina aurten astelehen gehiago izango dira. Gaur-gaurkoz, sarreren salmenta ederto abiatu da; ea jardunaldiek aurrera egin ahala zelako erantzuna duen lehiaketak”.
Kantxaren bi aldeak. Zabalaz eta Erkiagaz gain, Aimar Aldazabal berriatuarrak osatuko du Lea-Artibaiko pilotarien ordezkaritza. Oraintsu etxean, Mendibarren frontoian, gailendu da: Pro Am txapelketa irabazi berri du Thomas Urrutia donibanegaraztar gazteagaz batera. Garaipen horrek eman die, hain zuzen, Winter Seriesen jokatu ahal izateko txartela. Bere anaia Ibon, ostera, kantxaren beste aldean ibiliko da oraingoan; izan ere, ez da jokatzen ariko, Jokin Arbe markina-xemeindarragaz batera komentarista beharrak betetzen baino.
EGUTEGIA:
- Urriak 31. Barandika-Lekerika vs. Erkiaga-Zabala (A multzoa)
- Azaroak 7. Beaskoetxea-Loez vs. Goikoetxea-Etxeto (B multzoa)
- Azaroak 14. Olharan-Basque vs. Urrutia-Aimar (A multzoa)
- Azaroak 21. Tambourindeguy-Minvielle vs. Johan-Del Rio ( B multzoa)
- Azaroak 28. Barandika-Lekerika vs. Urrutia-Aimar (A multzoa)
- Abenduak 5. Beaskoetxea-Lopez vs. Tambourindeguy-Minvielle ( B multzoa)
- Abenduak 12. Erkiaga-Zabala vs. Urrutia-Aimar (A multzoa)
- Abenduak 19. Beaskoetxea-Lopez vs. Johan-Del Rio (B multzoa)
- Abenduak 26. Barandika-Lekerika vs. Olharan-Basque (A multzoa)
- Urtarrilak 9. Goikoetxea-Etxeto vs. Johan-Del Rio (B multzoa)
- Urtarrilak 16. Erkiaga-Zabala vs. Olharan-Basque (A multzoa)
- Urtarrilak 23. Goikoetxea-Etxeto vs. Tambourindeguy-Minvielle ( B multzoa)
- Urtarrilak 30. Lehen finalerdia
- Otsailak 6. Bigarren finalerdia
- Otsailak 13. Hirugarren eta laugarren postuak
- Otsailak 19. Finala.