11 herritarrek parte hartu dute perretxikoen mundua ezagutzeko Lekeitioko irteeran
Parte hartzaile gehienak ez zirela Lekeitioko Denboraren Bankuko kideak esan dute, baina irteera amaitu eta gero, denek Denboraren Bankuko kide aktibo izateko izena eman zuten.
Lekeitioko Denboraren Bankuko kideek esan dute parte hartzaileei Magdalena ermitan bertan eman zizkietela azalpenak. “Perretxikoak naturan duten funtzioa azaltzeaz gain, perretxikoak batzerakoan zer errespetatu behar den, nola joan behar den jantzita eta abar azaldu genien”.
Azalpenak entzunda, bideari ekin zieten, bide bazterretik. Eta basora heldu zirenean, esnegorri (Lactarius deliciosus) batzuk aurkitu zituzten. “Txangoan parte hartu genuenontzako eguraldi ona egin zuen, baina perretxikoentzako oso siku zegoen dena”. Antolatzaileek esan dute irteeran parte hartu zuten gehienak lehen aldiz egiten zutela horrelako irteera bat. “Ahalegin handia ipini zuten perretxikoak bilatzeko”. Esnegorri artean, halako batean boletus bat ere topatu zutela esan dute. “Nahiz eta inguru osoa arakatu, bakarra aurkitu genuen”.
Arkaitz Eriaga Mendexa Abentura Parkeko arduradunak parkeari buruzko azalpenak eman zizkieten. “Erkiagak Leagi dorrearen historia ere kontatu zigun. Eskertzekoa izan zen bere laguntza eta edukitako jarrera”.
Zozketa. Irteeran parte hartu zutenen artean onddoak sukaldatzeko liburu bat zozkatu zuten, eta zozketa hori Arantza Malaxek irabazi zuen. “Zozketa irabazita, hurrengorako partaide guztientako plater bat prestatzeko konpromisoa hartu zuen”.
Parte hartzaileak Denboraren Bankuko kide izatera pasatu zirela eta, antolatzaileak pozik geratu ziren ekintzak emandakoaz.