Markina BHIko ikasleek Errigoraren auzolanean parte hartu dute
Ikasleak barikuan [urriak 21] abiatu ziren Erriberara. Zapatuko auzolanean 10.000 kutxa baino gehiago prestatu zituzten auzolan ekintzan parte hartu zuten boluntario guztiek.
Zapatuaz geroztik [urriak 22] abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina. Eta herritarrak eskaerak egiten ari diren bitartean, eskaera horiek guztiak prestatzeko auzolanean dihardute ehunka herritarrek Nafarroan. Hain justu, Markina BHIko 4. mailako ikasleek Ablitaseko (Nafarroa) auzolanean parte hartu dute asteburuan.
Barikuan abiatu ziren Erriberara, zapatu goizeko auzolanerako han egoteko. Irteerako arduradunek kontatu dute barikuan Kaparroso bisitatu zutela ikasleek; hango Lehen Hezkuntzako ikastetxea bisitatu zuten. “Kaparrosoko eskola publikoak 300 ikasle inguru ditu, eta horietatik 30 dira D ereduan ikasten daudenak”. Markina-Xemeingo ikasleek Kaparrosoko txoko desberdinak ezagutu zituzten hango ikasleek prestatutako ginkana jolasaren bidez. “Giro oso polita sortu zen ume nafar eta nerabe bizkaitarren artean”.
Auzolana. Zapatuan, ostera, Markina BHIko ikasleek auzolanean parte hartu zuten Uribe Kostako beste hiru ikastetxeetako eta Tuterako (Nafarroa) ikastolako 4. mailako ikasleekin batera. “Helburua 10.000 kutxa prestatzea izan zen, eta guztien artean lortu zuten!”. Ikasleekin batera aritu ziren irakasleak ere auzolanean, eta haiekin guztiekin Euskal Herri osotik joandako beste hainbat herritar aritu ziren. “Herri bazkarian parte hartu ondoren, arratsaldean Erriberako euskalgintzako taldeek antolatutako kalejiran parte hartu zuten”.