Ondarroako Yaalah elkartearen material bilketa martxan dago
Materiala uzteko azken eguna azaroaren 18a da. Herriko ikastetxeak eta farmaziak dira bilketa puntuak.
Ondarroako Yaalah elkarteak abenduan burutuko du saharar errefuxiatuen kanpamentuetara elkartasun bidaia, Bir Ganduz proiektua gauzatzeko asmoz. Hortaz, beharrezko materialaren bilketa abiatu dute herrian.
Zubi Zahar Herri Ikastolan, Zaldupe eskolan eta Ondarroa BHI Institutuan ezarri dituzte eskola materiala biltzeko kaxak. Arkatzak, margoak, borragomak, zorrozkailuak, erregelak, koadernoak, boligrafoak, estutxeak eta motxilak uzteko aukera egongo da. Bestalde, osasun materialari dagokionez, herriko farmazietan ezarritako kaxetan utzi ahalko da. Denetariko medikamentuak onartuko dira: analgesikoak, dalsy, erre botikak, zauriak sendatzeko materiala, sabelerako botikak, jarabeak…
Bir Ganduz proiektua. 2018an abiatu zuen proiektua Yaalah elkarteak saharar kanpamentuetan. “Saharar herriarekin lotura izatea, elkartasuna adieraztea eta behar izanetan gure aletxoa jartzea dira proiektuaren helburuetako batzuk”. Aurten, 2018an hasitakoa jarraitzeko asmoz, hainbat kide eta harrera familia joango dira abenduan.
“Bertan egingo ditugun lanetatik aparte, hegazkin bidaia aprobetxatuz hemendik eraman genezakeen guztia lortzeko material bilketa burutuko dugu, kanpamenduetara ahalik eta material gehien eramateko”.