Ugaitz Mugerzak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala lehiatuko du
Finalaurreko kanporaketan laugarren postua bereganatuta final handia lehiatzeko sei txarteletako bat eskuratu du mutrikuarrak.
III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatu da Izarraitz pilotalekuan. Hamahiru aizkolari aritu dira Azpeitiko finalaurrekoan, eta Ugaitz Mugerza mutrikuarrak laugarren postua eskuratu du 21.46ko denborarekin, final handia lehiatzeko txartela bereganatuz.
Mikel Larrañagak nagusitasunez irabazi zuen 18.46ko denbora eginaz, bigarren, Julen Alberdi 20.03ko denborarekin, eta Eneko Otaño hirugarren, 21.04. Laugarren postua mutrikuarrak lortu zuen, eta Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak osatu dute final handirako txartela lortu duten seikotea.
Txapelketa hiru tandatan lehiatu zen, eta tanda gogorra tokatu zitzaion mutrikuarrari, hain zuzen ere, Larrañaga, Otaño eta Larrearekin. Mugerzak “sentsazio onak” izan zituen lehian: “Azken tanda lehiakorra tokatu zitzaidan. Hasieratik aurrean irten nintzan, erdi lanetan Larrañagarekin nahiko bateratuta. Baina hirugarren egurra itxi egin zitzaidan, Larrañagak aurrea hartu zidan, eta hurrengoa ere itxi egin zitzaidan”. Hortaz, azpeitiarrak aurrea hartu zuen, erakustaldi ederra eskainiaz, baina mutrikuarrak gorputz aldi ona sumatuaz, lanean jarraitu zuen. “Gorputz aldetik sentsazioa oso ona izan nuen, baina sei egurretik hiru itxi egin zitzaizkidan, eta denbora asko galdu nuen. Hirugarren postua esku artetik joan zitzaidan”
Final handia. Orain, begirada azaroaren 13an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den final handian ezarri du: “Entrenatu eta finalean laugarren postuari heltzea izango da helburua”.