Lea Artibai Fest ekimenak "arrakasta handia" eduki du
Leartibai Fundazioak antolatuta egin da aurten ere ekimena urriko bi asteburutan. 149 herritarrek parte hartu dute ekintzetan.
Eskualdeko baliabideei balioa emateko eta bertoko produktu gastronomikoak ezagutara emateko asmoz, bosgarrenez egin da aurten Lea Artibai Fest ekimena. “Eskualdeko hainbat gune interesgarri bisitatzeaz gain, bertako janariak eta edariak dastatu dituzte parte hartzaileek. Horrez gain, tokiko ondareari buruzko ezagutzak ere jaso dituzte”, azaldu dute ekimena antolatu duten Leartibai Fundazioko kideek.
Ekintzetan parte hartu dutenen artean daude Lea-Artibaiko herritarrak, baina Bizkaiko beste eskualde batzuetatik (Bilbo, Erandio, Leioa, Portugalete eta Gernika-Lumo) eta Gasteiz eta TrebiƱo inguruko bisitariak ere egon direla esan dute. “Normandiakoak ere izan ditugu”. Parte hartu duten gehienek bikotean edo familian parte hartu dutela zehaztu dute.
Esan dutenez, proposamena hasieratik izan zen arrakastatsua. “Ekimenaren berri eman bezain prondo jarduera guztien edukiera bete zen. Bisitarien artean interes handiena sortu zuten ekintzak Ogellara egindako ibilbide geologikoa eta Kostabi nekazaritzako ustiategira egindako bisita izan ziren”.
Parte hartzaileen balorazioa. Bisitarietako batzuk Lea-Artibai ez zutela ezagutzen eta horiek informazio gehigarria eskatu zutela ere azpimarratu dute. “Parte hartzaileek oso positibotzat jo dute ekimena. Eskaintzaren aniztasuna eta ohikotasunean egiten ez diren jardueren proposamena nabarmendu zituzten”.
Leartibai Fundazioak eskualdeko enpresen partaidetza azpimarratu nahi izan du. “Eskerrak eman nahi dizkiegu bestelako proposamen bat eskaintzeko jarrera onagatik. Gainera, ekimenean egindako jarduera batzuk aurrera begira ohiko jarduera moduan eskaini ahal izateko pilotutzat hartuko dituzte; bideragarritasuna aztertuko da”.