Leargi jaio da: Lea Ibarreko energia berriztagarrien komunitate berria
Leargi kooperatiba mistoa, integrala eta irabazi asmorik gabekoa da. Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako 82 herritar dira bazkide sortzaileak.
Leargi kooperatiba sortu dute Lea Ibarreko herritarrek. Elkarlanean sortu dute energia berriztagarrien kooperatiba berria, eta urriaren 20an egin zuten proiektuaren eratze batzarra, Gizaburuagan. Guztira, Munitibarko, Aulestiko, Gizaburuagako, Amorotoko eta Mendexako 82 herritar dira egitasmo horren bazkide sortzaileak; hain zuzen ere, joan den egueneko bileran 82 horietako 60 egon ziren; kooperatibaren sortze dokumentua sinatu eta eratzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia formalizatu zuten. Hortaz, Leargi Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitatea koop. Elkartea izenpean, “kooperatiba mistoa, integrala (kontsumo eta zerbitzu kooperatiba) eta irabazi asmorik gabekoa” jaio dela adierazi zuten.
Leargiren jomuga nagusiak sozialak izango direla argitu zuten; hain zuzen, bizi kalitatearen hobekuntzan eragiten saiatuko direla nabarmendu zuten. “Bazkideen, enplegatuen eta komunitatearen bizi kalitatea hobetzea da helmuga, lekuko beharrizan sozioekonomikoei modu kooperatiboan erantzunez”. Kooperatibaren azken helburua ez da izango irabazi finantzarioak lortzea, baizik eta bazkide guztiei ingurumenagaz, ekonomiagaz eta gizarteagaz lotutako onurak ematea. Hori lortze aldera, denetariko lan eremuetan eragingo du Leargik.
“Herrien arteko oreka gordetzea” bilatu zuten kontseiluaren eratzean, herri bakoitzeko lau ordezkari hautatuz. Kooperatibaren egoitza soziala Gizaburuagan egongo da
Kontseilu Errektorea. Leargiko sortzaile diren bazkide denak Bazkide Kontsumitzaileak izango dira. Beraz, horietako bakoitzak 50 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du, kooperatibaren sorrerarako. Gizaburuagako eratze batzarrean, Estatutuak onartzeagaz batera, Leargiren lehen Kontseilu Errektorea ere aukeratu zuten. Bost udalerritako hogei ordezkarik osatuko dute; horietatik hamabost kontseilukideak izango dira, eta gainontzeko bost kideak, ostera, ordezkoak. “Herrien arteko oreka gordetzea” bilatu zuten kontseiluaren eratzean, herri bakoitzeko lau ordezkari hautatuz. Kooperatibaren egoitza soziala Gizaburuagan egongo da, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak daukan helbide berean.
Egitasmoaren sortze bileran adierazi zuten Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren %10era ere nekez iristen dela berton ekoizten dena; energia berriztagarrien portzentaia, aldiz, are apalagoa da. “Energiaren korapiloa” eguneroko bizitzaren erdigunera eroan nahi dute, batez ere, “energia fosilen beherakada eta klima larrialdia direla eta”. Era berean, “gerra joko inperialistak eta prezioen igoera orokor itogarriak” ere ahotan eduki zituzten.
Hamar hilabeteko bidea. Energia “guztiona dela eta guztiontzat izan behar dela” aldarrikatu zuten bileran; horretarako, “energia iturri berriztagarrien, tokikoen eta errespetuzkoen beharrizana” azpimarratu zuten guztiek. Iazko udazkenean abiatu zuten Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko aurre-prozesua. Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibarko udalak izan ziren hasieratik presente egon zirenak; abenduan, bost herri horietan egitasmoaren lehenengo aurkezpen batzarrak antolatu zituzten, ekimenaren nondik norakoak herritarrei helarazteko. Horietako batzuek, hain zuzen, Talde Sustatzailean parte hartzeko hautua egin zuten, eta beste askok etorkizunean parte hartzeko asmoa erakutsi zuten.
Lehen hazi haiek erein zirenez geroztik, hilero-hilero urratsak egin dituzte. Izan ere, Talde Sustatzailea hilabetero elkartu da. Azpitalde teknikoa, juridikoa eta komunikazioari nahiz antolakuntzari emandakoa ere osatu dituzte. Orain, komunitatearen sortze prozesua amaituta, aurretik “elkarregaz egiteko bide luzea” daukatela adierazi dute partaideek. Bide horri ekiteko erabiliko duten beharrerako ikuspuntua, hasieratik darabiltena, argi eta garbi utzi dute: herritarren arteko auzolana.