Mutrikuko Gaba Beltza ekimenez josita dator
'Beheko Doinuak' herriko taldeen kontzertuak erdigunean jarriko dituen jaialdia izango da aurtengo berrikuntza.
Ohiturei eutsiz, Arimen Gauari lotutako bost eguneko egitaraua aurkeztu du Mutrikuko Udalak. Beldurrezko filmak, ipuin kontalarien saioak, musika, dantza, kalejirak eta mamuaren erreketa dira aurtengo osagarriak. Ohiturak mantendu eta berrikuntzak ezarrita, ekimenez jositako asteari ekingo diote mutrikuarrek. Eguenean [urriak 27] hasiko dira ekintzak, eta hain zuzen ere, urriaren 31ra arte ekimenetan murgilduta egongo dira.
Begi batekin lo egiteko ipuinak Alboka ipuin kontalariaren saioarekin hasiko da beldurraren astea, urriaren 27an, 17:00etan. 4 urtetik gorakoei bideratutako saioak Alboka izango du protagonista: “Basoan zehar bidaiatuko du Albokak. Gaua da, hotza egiten du. Albokak era guztietako abentura beldurgarriak bizi ditu basoan”.
Zapatuan [urriak 29] jai giroa ez da faltako herrian. Arima Dance taldeak antolatu duen kalejirarekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek, gorputzak astinduz, Miruaitz Frontoian egingo duten emanaldiraino bidea eginez. Ilunabarrean, berriz, aurtengo berrikuntza bilakatu den jaialdiari hasiera emango diote Beheko Plazan, Beheko doinuak herriko musika taldeek osatutako jaialdia. Ilunabar, Bizkaiblues, Muzak eta Oier Mendizabal izango dira oholtzaratu eta gaua girotzeaz arduratuko direnak.
Urriaren 31n, urteroko ezinbesteko hitzorduaren unea ailegatuko da. Talaixako mamua jaitsiko da herrira, eta urteko gau beldurgarrienari ekingo diote. Axuri Beltzaren kalejira abiatuko da, Gure Ametsa dantza taldeak, Txistu taldeak, Akordeoi taldeak eta Gaztetxeak antolatuta. Talaixako mamuari su emanaz bukatuko dute gaua.
Egitaraua
Urriak 27 (eguena)
- 17:00: Ipuinaren ordua, Zabielen: Begi batekin lo egiteko ipuinak. Ipuin kontalaria: Alboka (4 urtetik aurrerakoentzat)
Urriak 28 (barikua)
- Txantxangorrik antolatutako Ibilbide beldurgarria, Zabiel plazan. LH 2 18:00etan, LH 3 18:30, LH 4 19:00, LH 5 19:30, LH 6 20:00.
Urriak 29 (zapatua)
- 16:30-18:30. Beldurrezko Etxea, Zabielen. Gaztelekuak antolatuta.
- 18:30. Arima Dance taldearen kalejira. Ondoren, emanaldia Miruaitzen.
- 20:00. Beheko doinuak herriko taldeen kontzertuak, Beheko Plazan.
Urriak 30 (domeka)
- 17:00. Beldurrezko filma, Zabielen. 12-18 urte bitartekoentzat.
- 18:00. Heriotzaren kafea, Luardon. Hitz egin dezagun heriotzaz Ainara Etxartek gidatuta.
Urriak 31 (astelehena)
- 17:00-18:15. Ipuin kontalaria eta eskulanak, Ludotekan. HH3 eta HH4koentzat, Txantxangorrik antolatuta.
- 17:00-18:15. Talaixako mamua, Zabiel plazan. HH5 eta LH1, Txantxangorrik antolatuta.
- 18:00. Haur eta nerabeen dolu prozesua, Zabiel kultur etxean. Ainara Etxearteren hitzaldia.
- 20:00. Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mamuaren erretzea. Gure Ametsa dantza taldeak, Txistu taldeak, Akordeoi taldeak eta Gaztetxeak antolatuta.