Dikea dela eta, Mutriku Natur Taldeak salaketa jarri du Auzitegi Nagusian
Portuko proiektuaren prozedura eteteko eskaera egin du, legez ezarritako prozedurak ez betetzeagatik.
Mutriku Natur Taldeak Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri du EAEko Auzitegi Nagusian, Mutrikuko portuko itsas sarbideak hobetzeko lanen aurrean. Europako Batzordearen aurrean ere ekintzak salatu ditu eta babesa eskatu dio Europako Batzordearen eskaera batzordeari ingurumen legeria urratzeagatik.
“Ordua da gure herriaren etorkizunean zentzutasunak gailendu dezan”, adierazi du Rafa Perez Beristain Mutriku Natur Taldeko buruak. Taldeak prozedura eteteko eskaera luzatu du, legez ezarritako prozedurak ez betetzeagatik; alternatibak aurkeztea, txosten teknikoa egitea, baimenak lortzea… Gainera, taldearen esanetan ingurumen-inpaktuaren adierazpenik gabe hasi dituzte lanak: “2004an egindako ingurumen azterketa erabili dute prozedura burutzeko. Azterketa egin zenetik hamaika aldiz aldatu da proiektua. Legeak dioenez, proiektua aldatzen den bakoitzean ingurumen azterketa berriz egin behar da”. Hortaz, egungo ingurumen legeen arabera eginiko azterketa bat egitea beharrezkoa dela diote.
Egoera salatu dute Europako Batasunaren aurrean, eta eskaera bat egin dute Europar Batasuneko eskaera batzordearen aurrean, ingurumen araudia aplikatu eta obra lanen ebaluazio berri bat egitea hauen gauzatzea justifikatzeko.
Aurrekariak. Natur Taldeak obra lanen kontratazio espedientea berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuen martxoan, lanak geratzeko asmoz. Baina atzera bota zioten errekurtsoa “kontratazioan inplikatutako enpresa ez izateagatik”. Horren aurrean, ondokoa esan dute: “Bide administratibotik ezin bada, bide penaletik saiatu beharko gara”.