Euskal selekzioa, pilotan eta surfean ofizial izateko bidean
Pilotako eta surfeko euskal selekzioek nazioartean jokatu ahalko dute, horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen baitituzte. Dena dela, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eta Naziarteko federazioek adostu behar dute ofizialtasunaren auzia.
EAJk eta PSOEk Kirol Legea jorratzen duen ituna sinatu dute, eta bertan zehaztu dituzte selekzioek nazioartean modu ofizialean lehiatu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak. Arautegi hori aplikatuta, euskal selekzio ofizial bik nazioartean konpetitzeko aukera eskuratu dute: pilotakoak eta surfekoak. Dena dela, bi selekzio horien ofizialtasuna oraindik ez da behin-betikoa, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eta Nazioarteko federazioek edukiko baitute azkenengo hitza auzi horretan. Itunaren arabera, lurralde jakin bateko selekzioak nazioartean lehiatu ahal izateko, “lurralde horretan sustrai historikoak eduki behar ditu”.
Kirolaren Legeari buruzkoak argitzeko, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak agerraldia egin zuen atzo. Ortuzarrek azaldu zuen EAJ “bene-benetan aintzat hartzen duela” euskal selekzioen ofizialtasuna: “Euskal selekzioek ofizialtasuna lortzeko bidean, urrats esanguratsua da”. Surfeko Euskal Federazioak, izan ere, nazioartean lehiatu izan du Espainiako Federazioa sortu orduko, Ortuzarrek azaldu zuenez.
Pilotari dagokionez, “Euskal Herrian sortutako kirola” dela adierazi zuen Ortuzarrek: “Pilotak geure lurraldearen izena darama”. Gainontzeko kirolak akordio horretatik kanpo zergatik geratu diren galdetuta, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak argitu zuen prozesu horretan “urratsez urrats” egin behar dutela aurrera: “Gure asmoa itun hori kirol denetara zabaltzea izan da hasiera-hasieratik, baina ez dugu gutxieneko adostasunik lortu; eskuratu dugunagaz oso pozarren gaude, eta bada motiborik ospatzeko”.
Ortuzar: “Pilotak geure lurraldearen izena darama”
Espainiako Kongresuan EH Bilduren eledun dabilen Mertxe Aizpuruak, ostera, selekzio guztien ofizialtasuna “salbuespen barik” eskatzeko beharrizana azpimarratu zuen: “Surfa eta pilota bai, baina zergatik ez gainontzeko kirolak? Pilotan aritzeko euskal herritarrak izan gaitezke nazioartean, baina, esate baterako, futbolean jokatzeko ez?”.
Aizpurua: “Pilotan aritzeko euskal herritarrak izan gaitezke nazioartean, baina, esate baterako, futbolean jokatzeko ez?
“Herritarren saria”. Martxel Toledo, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko kide izandakoa, “benetan pozik” agertu da albisteagaz: “Hainbat eta hainbat urte egin izan ditugu hau lortzeko borrokan, eta, behintzat, behar horren guztiorren fruituak ikusten hasi gara. Herritarrek egin dute lana, eta herritarren saria da hau. Toledok azaldu du ofizialtasunaren auzoa “ez dela juridikoa, politikoa baizik”: “Politikariak adostasun batera ailegatu dira, legea aldatzeko eta, horri esker, aukera hau edukitzeko. Pauso handia egin dute, baina lehen pausoa baino ez da”.
Toledo: “Ofizialtasunaren auzoa da ez juridikoa, politikoa baizik”
Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkari Kike Zurutuza, berriz, hiru ertzeko irakurketa egin du. Batetik, “zoriontsu” azaldu da: “Urrats handia nahiz txikia izanda ere, gura dugun norabidean goazela frogatzen du”. Bestetik, “zuhurtziaz jokatzeari” eutsi nahi izan dio. “Politikan, sarritan, lerroburu itzelak ematen dira, eta, ostean, ez da ezer egoten horien atzean”. Azkenik, gainontzeko kirol federazioei “ofizialtasunerako deialdia” luzatu die Zurutuzak: “Haiek ere ofizial izateko eskaera egin dezaten gura dugu; eskakizun hori, hain zuzen ere, uneoro egon behar da mahai gainean, egoera politikoan presente egon dadin”.