Zubikarai bekatik ateratako proiektua aurkeztu dute: 'Euskalia'
2021eko Augustin Zubikarai nobela beka irabazi zuen Mikel Alvarezen proiektuak. Gaur egin dute aurkezpena Elkar argitaletxean.
Mikel Alvarez Sarriegi idazlea, Eneritz Basurko Pagoaga Ondarroako udal zinegotzia eta Xabier Mendiguren editoreak Euskalia liburuaren aurkezpena egin dute Donostiako Elkar argitaletxean.
Hogeita hirugarren mendean kokatzen da Euskalia. Euskaldunek gidatzen dituzte unibertsoko hamaika galaxiak, ehunka merindade eta milaka planetak, eta inoiz, inon ezagutu gabeko zorion eta ongizate maila gozatzen dute bertako biztanleek oro. Alabaina, beti dago matxinkontra petralen bat. Muturgogor barrutian, garai bateko espainiar kultura eta hizkuntzaren gailentasuna berreskuratu nahi lukete erresistentziako kideek, eta hori lortzeko estrategia pentsatu dute: XXI. mende hasierara bidaiatu, iraultza handia abiatu zen unera, eta hura posible egin zuten gertakariak zapuztu.
Mikel Alvarez autorearen esanetan zientzia fikzioa, nobela beltza eta umorea uztartu ditu nobelan, generoak modu irekian ulertu eta jolasteko tresna bilakatuz: “Hizkuntza edo kultura gutxitu baten parte izateak sortzen dituen bizipenak enpatiaren bitartez erakutsi nahi izan ditut. Jolastu egin dut, alde batetik, euskara hizkuntza hegemoniko izango balitz zer gertatuko litzatekeen. Bestetik, hizkuntza hegemoniko izatera ohituta daudenek nola jokatuko luketen euren hizkuntza arriskuan egongo balitz. Hori kontatzeko tresna izan dira nobela beltza, zientzia fikzioa eta umorea”.
Aurrekontu igoera. Hogeita bi liburu kaleratu dira Ondarroako udalaren laguntzagaz, eta Eneritz Basurko Pagoaga zinegotziak aipatu duenez, “oso harro” daude sortzaileen ibilbidean bultzada bat izateaz: “Ondarroako Udala harro eta pozik dago sortzaileei lagundu ahal izateaz, hortaz, erabaki bat hartu dugu: hurrengo urtean aurrekontua handitu eta 2.000 euro gehiago bideratuko dira sarira”. Hortaz, egun 6.000 euroa ematen zaio proiektu saridunari, eta 2023. urtean 8.000 euro izango dira.