Ondarroako portuko dikeak olatu handiei eusteko duen gaitasuna aztertu dute
Olatu denborale gogor baten aurrean Ondarroako dikeak zenbaterainoko bermea ematen duen aztertu du Madilgo Unibertsitate Politeknikoak. Hormigoizko bloke gehiago ipintzea aurreikusi dute.
Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, Ondarroako babes dikeak olatu handien aurreran eduki dezakeen portaera aztertzeko proiektua garatu dute TYPSA Euskadik eta Madrilgo (Espainia) Unibertsitate Politeknikoko Agustin Betancourt Fundazioak (FAB). Proiektua Life Urbanklima 2050 egitasmoaren baitan kokatzen da. Itsas maila igotzen ari den eta olatualdiak gero eta bortitzagoak eta sarriagoak diren honetan, proiektuaren helburua da jakitea Ondarroako portuko babes dikeak zenbaterainoko bermea ematen duen.
Azterketa Madrilen egin dute 3Dko eskala murriztuan, piztina batean. Zehaztu dutenez, ia sei ordu iraungo lukeen eta 8 metrora arteko olatuak edukiko lituzkeen denboralearen aurrean dikeak nola erantzungo lukeen aztertu dute. “Horrelako denborale batekin, dikearen hasiera guztiz suntsituta geratuko litzateke”. Azterketari esker, alternatibak zeintzuk liratekeen ere ondorioztatu ahal izan dute. “Ondarroako portuaren batimetria eta azpiegitura nolakoak diren zehatz aztertu ditugu”, esan dute proiektuaren arduradunek. Azpiegituraren egonkortasuna aztertzeaz gain, dikearen bizkarra eta dikeak dituen bi zatietan (400 metro inguru) olatuek gainez egiten dutenean zer gertatzen den ere aztertu dituzte.
Gainera, marea goian dagoenean, Ondarroako dikearen atzeko aldean dauden harkaitz batzuk bistan geratzen dira, eta olatuak daudenean, harkaitz horiek arrapala bezala funtzionatzen dute, olatuei indar gehiago emanez eta portu barrura sartuz. Hala, ondorioztatu dute dikearen atzeko aldean hormigoizko bloke gehiago ipiniz gero, dikeak olatuen enbata hobeto eutsiko lukeela; 60 tonara arteko 1.080 bloke gehiago ipintzea aurreikusi dute. “Hobekuntza horrekin, %40ko hobekuntza lortu ahal dela frogatu da. Eusko Jaurlaritzaren 2050 Plan Estrategikoan jasotako helburuen arabera, hori nahikoa litzateke”.