ETX kultur taldeak eta guraso elkarteak Etxebarriko Arimen Gaba antolatu dute
Bihar [urriak 29] mozorroak prestatuko dituzte eta horiek astelehenean [urriak 31] erakutsiko dituzte.
Etxebarriko ETX kultur taldea bueltan da. Udaberrian hasi zuten barne lanketaren ostean eraberrituta itzuli dira: “indartsu, herri dinamikako urmaelean gure ur tanta koloretsuak gehitzeko asmoz”. Hori irudikatzeko, herrian zehar loreak jarri dituzte, taldearen loraldi berria irudikatzeko. “Laster izango duzue gure berri bai sare sozialetan eta baita herriko ohiko txokoetan”, aurreratu dute.
Hain zuzen ere, loraldi berri horren lehen ekintza bihar [urriak 29] eramango dute aurrera guraso elkarteagaz batera. Arimen gabako prestaketa lanekin hasiko dira mozorro tailerregaz. Egun horretan egindako mozorroak astelehenean [urriak 31] kaleratuko dituzte umeek Arimen Gaban. 17:30ean dantza ensaioagaz hasiko dute egitaraua frontoian. 18:30ean mozorroak jantzita kalejira osatuko dute trikitilariekin plaza barrira arte eta bertan osatuko dute dantza. 19:30ean kopaua hartuko dute et 20.00etan kontakizun eta abestiz beteriko kalejiragaz emango diote amaiera Arimen Gabari.