Koldo Ayesta eta Aitziber Urkiola, txapeldun Mutrikuko Herri Krosean
Amets Zatika Barrenetxea eta Gaizka Garcia Nieto izan dira lehenengo mutrikuarrak.
Gasteizko Koldo Ayesta Zabala eta Aitziber Urkiola Zendoia eibartarra izan dira txapeldun XIX. Mutrikuko Herri Krosean. 10 kilometroko bidea egiteko 33 minutu eta 35 segundo behar izan ditu Ayestak. Urkiolak, berriz, 40 minutu eta 11 segundotan osatu du ibilbidea.
Bigarren postuan Jokin Sudupe Mendizabal azkoitiarra (35 minutu eta 12 segundo) eta Lide Azkue Iruretagoiena markina-xemeindarra (42 minutu eta 13 segundo) sailkatu dira. Eta hirugarren Ariane Mendibe Blanco durangarra (42 minutu eta 48 segundo) eta Gorka Blasco Diaz (35 minutu eta 16 segundo). Helmugara lehendabizi heldu diren mutrikuarrek ere saria jaso dute, eta horiek Gaizka Garcia Nieto (36 minutu eta 14 segundo) eta Amets Zatika Barrenetxea (53 minutu eta 46 segundo) izan dira.
Lasterketa nagusian 71 pertsonak parte hartu dute. 12-16 urte bitartekoen Kros Txikian, berriz, zortzi izan dira korrikalariak. Urko Ortiz Otsoa eta Irati Solabarrieta Bilbao ondarrutarrak izan dira probako azkarrenak.
Proba inolako ezusteko barik egin da. Lasterketa amaitu orduko egin dute sari banaketa, eta saridunek Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen, Aitor Itza Kirol zinegotziaren eta Josu Lezertua Talaixa Triatloi taldeko presidentearen eskutik jaso dituzte sariak.