Goienetxeren gazta izan da onena Urriko Azken Astelehenean
Gazta erdia Gernika-Lumoko 1000 Kolorau Jatetxeak erosi du, 6.100 eurotan. Jose Egaña (Goienetxe): "Gazta hau maiatzean batutako esneagaz egindakoa da". Goienetxekoek pozik eta hunkituta jaso dute saria.
Mutrikuko Goienetxeko ordezkariak jaun eta jabe izan dira gaur [urriak 31] Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean. Izan ere, Gaztaren Lehiaketan Goienetxeko Beñat Egañak aurkeztutako gaztak Gazta Gozoenaren saria jaso du. Gazta erdia Gernika-Lumoko 1000 Kolorau Jatetxeak erosi du, 6.100 eurotan; 2019an, 6.600 eurotan saldu zen gazta irabazlea. Agiñigako Larrabek (Araba) eroan du aurtengo bigarren saria, eta hirugarrena Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegiarentzat izan da. Eskaintzaile gutxik parte hartu dute aurtengo enkantean, eta Xaibor diskofestaren eta 1000 Kolorau Jatetxearen artean egon da lehia.
Hemen Jose Egañari (Goienetxe) egindako elkarrizketa:
Bi urte eta gero Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean egotea garrantzitsua al da?
Bai, oso garrantzitsua da; luze egin zaigu itxaronaldia.
Lehenengoz irabazten duzue lehenengo saria?
Bi bigarren sari eta hirugarren sari bat ditugu, eta aurten espero genuen lehenengo saria, eta etorri da. Lehiaketara aurkezten zaren bakoitzean lehenengo saria espero duzu. Zain geunden eta oso pozik gaude.
Zein da sekretua?
Sekreturik ez daukagu. Gazta hau maiatzean batutako esneagaz egindakoa da. Maiatzean ardiak kanpora ateratzen hasten dira, eta niretzako sasoi horretako esnea da onena. Saiatzen gara, hortaz, maiatzean egindako gaztak lehiaketetarako gordetzen. Denak berdin egiten ditugu, baina udaberriko larreak badauka bere gauza.
Zazpi lehiaketetara aurkezten dituzue gaztak. Denetatik zein da sariketarik bereziena?
Edozein sari da berezia, baina Gernika-Lumokoa oso garrantzitsua da. Esango nuke Ordiziakoa dela garrantzitsuena, eta bigarrena Gernikakoa. Sariak poztasuna dira, eta lanean jarraitzeko gogoa ematen dute. Baina ez lehenengoko sariek bakarrik, baita ere bigarren eta hirugarren sariek. Hor gaude, eta gure izena entzuten da.
Zenbat gazta ekarri dituzue Gernika-Lumora?
70 gazta inguru ekarri ditugu. Gutxi falta ziren saria jaso orduko, ondoren ziurrenik denak salduko dira.
Zelan dago gaztandegien egoera?
Nahikoa triste. Orain, gainera, dena garestitu da, eta gaztaren prezioa ezin dugu askorik igo. Nahikoa estu gabiltza, baina eutsi egin behar diogu, gazta ondo saltzen delako.
Sariek lagundu egiten dute gazta gehiago saltzen?
Bai, edozein sarik lagundu egiten du salmentan.