Lea Ibarreko Egutegi Lehiaketaren bozketa fasea zabaldu dute
Urriaren 26an amaitu zen Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak antolatutako Egutegi Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Orain, herritarrek argazki gustukoenei botoa emateko aukera daukate; barikuko 15:00ak arte bozkatu daiteke.
Lehiaketan bi sari banatuko dituzte: epaimahaiaren saria (250 euro) eta ikusleen saria (250 euro). Eta hain justu bigarren sari hori erabakitzeko zabaldu dute bozketa fasea. Dena dela, antolatzaileek azaldu dute guztira 81 lan aurkeztu direla lehiaketara, eta nahiz eta epaimahaiak denak hartuko dituen kontuan, herritarren bozketarako egile bakoitzak lan bat aukeratu behar izan du. Hala, herritarrek 23 argazki dituzte aukeran.
[IKUSI ARGAZKIAK ETA EMAN BOTOA]
Azaldu dute epaimahaiak 11 lan finalista aukeratuko dituela, eta horiei ikusleen artean boto gehien eskuratzen duena gehituko zaie. Hala, hamabi irudi horiek dira egutegia osatuko dutenak. «Irudi bakoitza dagokion izenburuagaz eta egilearen izenagaz agertuko da egutegian».
Baserri mundua. Lehiaketaren gaia baserri mundua izan da eta, ondorioz, baserri mundua irudikatzen duten irudiak ikusi daitezke bozkatzerakoan: herritarrak ortuan lanean, produktuak, Lea Ibarreko baserriak… Kolorez, historiaz eta usadioz betetako irudiak ikusi ahal dira.