Erkiagak eta Zabalak porrotagaz hasi dute Winter Series Txapelketa
Aritz Erkiagak eta Jon 'Bullet' Zabalak Xabi Barandika eta Unai Lekerika iazko beste finalistak eduki zituzten aurrez aurre atzoko [urriak 31] partiduan. Azken bikote horrek berdinketa hausteko azken tantoan irabazi zuen.
Xabier Barandikak eta Unai Lekerikak erakustaldi handia eman zuten atzo [urriak 31] Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Maila handiko garaipena poltsikoratu zuten bi gernika-lumotarrek Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako lehendabiziko jardunaldian. Eusko Label Winter Series izena eman zioten lehiaketako lehen egunari, jardunaldi horren garrantziaren erakusle. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko bikoteak txapelketaren garaileak eduki zituen aurrez aurre: Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarra eta Jon Bullet Zabala atzelari markina-xemeindarra.
Barandikak eta Lekerikak arantza atera zuten atzoko partiduan. Izan ere, Erkiaga eta Zabala topatu zituzten txapelketako azken aldiko finalean. Alderdi psikologikotik, etxeko pilotariak indartuta heldu ziren frontoira: beren burua aurtengo ekitaldia irabazteko hautagai nagusi legez ikusten dutela adierazi zuten, eta aurreikuspen horren lehenengo urratsa egin dute, behintzat. Dena dela, ez zen ogibide erraza izan bientzat, Erkiagak eta Zabalak gauzak izugarri zaildu zizkietelako; berdinketa haustean erabaki zen partidua.
Lehen zatiko unerik bikainena Erkiagak alboz eta barrurantza egindako tantoa izan zen. Aipagarria izan zen, era berean, Zabalak pilotalekuaren atzealdeko koadroetan egindako behar handia, Erkiagak aurrealdean jokoaren ardura hartu eta tantoak amaitzeko. Atzelariak ez zuen igarri garaipena defendatu beharraren presiorik, eta laguntza handia eman zion munduko txapeldun izendatu berri den Erkiagari.
Txarto-ulerturik ere egon zen: Barandikak bere bikoteari jokaldi bat azken momentuan utzi egin zion, baina Lekerikak ez zuen sasoiz harrapatzerik izan