Markina-Xemeingo mendi asteburua, goranzko joeran
Artibai Mendigoizale taldeak joan den asteburuko ekintzen balorazio “oso positiboa” egin du.
Artibai Mendigoizale taldeak urtero antolatzen duen Markina-Xemeingo mendi asteburuak tokia egin du eskualdeko mendi- eta naturazaleen artean. Aurten zapatuan [urriak 29] eta domekan [urriak 30] eraman dituzte aurrera ekimenak Leaktibai eta Markina-Xemeingo Udalaren laguntzagaz: “Kalitatea hobesten dugu, kantitatea baino”.
Zapatuan Gabaroko meategietan barrena aritu ziren elkartu ziren 30 parte hartzaileak. Ades espeleologia elkarteagaz eta Uhagon kulturguneagaz batera antolatutako ekintzak “oso harrera ona” izan zuela nabarmendu dute antolatzaileek. Inguruko herrietatik bertaratu zirenak asko izan ziren. “Meategien inguruan informazio gutxi zegoen eta oso sakabanatuta, alde horretatik eskertzekoa da Ades espeleologia taldeak egindako lana, informazio dena batu dute eta haiek dituzten argazkiak eta mapak erakutsi zituzten”. Ondare jardunaldietako bisita gidatua egitarauko berritasun nagusia izan zen eta eragileen arteko elkarlana azpimarratu dute “naturaren eta historiaren inguruko informazioa jasotzeko”.
Aldatu ez dena eta beti bezain arrakastatsua izaten jarraitzen duena orientazio martxa izan zen. Eguraldi eguzkitsua lagun, 200 parte hartzaile baino gehiagok osatu zuten zortzi kilometroko ibilbidea. Bidean baso landaren inguruko 22 pista hartu behar zituzten. “Umeak mendiaren inguruko jakintzan barneratzeko, horrelako pista jolasak oso lagungarriak dira. Naturaren garrantzia nabarmentzeko eta transmisioa egiteko erabilgarria da”. Gainera, antolatzaileak pozik agertu dira parte hartzaile kopurua mantentzen delako. “10 urtegaz errelebo generazional bat ematen da, baina ume gazteagoek izena ematen jarraitzen dute, gero eta gehiagok parte hartzen dute”.
Aurrera. Mendi asteburuko egitarauan ezinbesteko bilakatu dena aurreko urteko MendiTour lehiaketako film onenen aukeraketa da. 70 lagun elkartu ziren Esperantza aretoan, azken urteetako goranzko joera konfirmatuz. Antolatzaileek filmen kalitatea goraipatu dute: “ez bakarrik irudi ikusgarriak emateagatik, oso interesgarriak zirelako”.
Artibai Mendigoizale taldea, denborarik galdu gabe, hurrengo urtekoari begira jarri da. Abenduan osatzen dute urteko batzar orokorra eta bidez batez hurrengo urteko egitaraua zehaztu. “Gero eta lehenago hasi hurrengo urtekoa prestatzen hobeto, gaien arabera zehaztu dezakegu zer forma izango duen mendi asteburuak”.