Ager Solabarrieta eta Maite Badiola ondarrutarrak, Munduko Tiro Txapelketaren bila
Al Ain hirian (Arabiar Emirerri Batuak) lehiatuko dute zutikako eta etzandako estiloan.
Espainiako Selekzioak Ager Solabarrieta eta Sonia Rivero aukeratu ditu ordezkari moduan azaroaren 5tik 17ra jokatuko den Munduko Tiro Txapelketarako. Ondarrutarragaz Maite Badiolak bidaiatuko du eta Malagakoagaz Antonio Cobok. Bikote ondarrutarrak dena emateko prest bidaiatuko du Al Ain hirira (Arabiar Emirerri Batuak). Azaroaren 8an zutikako kategorian lehiatuko dute eta hilaren 11n etzandakoan.
Solabarrieta lasai agertu da Munduko Tiro Txapelketara bidaiatu aurretik: “Urduritasunak lehiatzerakoan helduko dira seguruenik”. Tiratzaile ondarrutarra egindako prestaketaz harro dago. “Guk etxeko lanak egin ditugu, entrenatzen oso ondo aritu gara eta marka politak lortu ditugu”. Al Ain hirian modalitateko 20 tiratzaile onenak elkartuko dira, maila “oso altua” izango da, horregaitik pausuz pausu joan nahi du. “Lehen helburua finalean sartzea da, hau da, zortzi onenen artean, eta gero finalean urduritasunak neurtu beharko ditugu ahalik eta mailarik onena eskaintzeko. Urduritasun horiek hobekien kontrolatzen dituenek lortuko dituzte dominak”.
Aurkarien inguruan galdetuta, Solabarrietak poloniarrak oso indartsu ikusten ditu hautagai nagusien barruan sartuz. Horrez gain, Espainiako Selekzioko Sonia Rivero kideari ere aukera asko ematen dizkio.
Solabarrieta eta Badiola sasoiko helduko dira. World Cup Chatearouxen zilarrezko bi domina eskuratzea, FEDC Kopan urrezko bi dominagaz etxeratzea eta Norvegian Europako txapeldun izendatu izana 2022. urtean egindako lorpenen zati bat besterik ez da izan. Horrez gain, duela bi aste Espainiako txapeldun izendatu zen zutikako kategorian.