Bizkaiko bigarren mailako aizkora txapelketa jokatuko da Lekeition
Herriko plazan neurtuko dituzte indarrak aizkolariek, euria eginez gero, ikastolako frontoian.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz bigarren mailako aizkora txapelketa antolatu du domekan [azaroak 6] 12:30eatik aurrera. Lekeition lehen mailara jauzi egin nahi dutenen arteko lehia ikusi ahalko da. Lekeitioko 696. urteurreneko ondare jardunaldien egitarauen barruan dago kokatuta txapelketa.
Herriko plazan neurtuko dituzte indarrak aizkolariek, baina euria eginez gero antolatzaileek jakinarazi dute, ikastolako frontoian lehiatuko dute. Sei izango dira garaipena lortzeko borrokatuko duten aizkolariak: Xabier Gartzia “Utxu”, Aritz Irazabal, Aritz Oregi, Mikel Agirre, Marco Nevado eta Daniel Lopez. Ekintza gehiago luzatzeko, eta lekeitiarrak herri kirolen munduan gehiago barneratzeko, trontza eta iparraldeko jokoan erakustaldia egingo dute.