Hiru hitzordu zehaztu ditu azaroan Mutrikuko Antzerkiaz Blai! ekimenak
Bihar [azaroak 4] jarriko dituzte sarrerak eskuragarri Turismo Bulegoan eta Interneten (www.mutriku.eus).
Antzerkiaz bai ekimenak hiru hitzordu dakartza azaroan Mutrikuko Zabiel kultur etxera: azaroaren 10ean, 13an eta 25ean. Haur zein nagusiei zuzendutako antzezlanak antolatu dituzte, eta bihar [azaroak 4] sarrerak salgai jarriko dituzte 10:00etatik aurrera. Bi aukera egongo dira sarrerak lortzeko Turismo Bulegoan, eta Interneten. Guztiek izango dute prezio berdina: 3 euro.
Kasilda, bukatzen ez den sua antzezlana eskainiko dute azaroaren 10ean, 19:30ean, Zabiel kultur etxean. Antzezlanak Kasilda Hernaez Vargas iraultzailearen bizipenetatik bidaia bat egiten du: “Guda zibilean eta bere bizitza osoan zehar ideia libertarioen eta bizimodu natural baten alde borrokatu zuen. Antzezlan honetan bere bizipenetatik bidaiatuko dugu sentimendu hori jarraitzera bultzatu zuena bilatuz”. Saioa Ibarra Muñozek idatzi eta zuzendutako lanak ordu bete inguru irauten du.
Azaroaren 13an, 18:30ean, beste hitzordu bat dago Zabielen, hain zuzen ere, Aioko haurrentzako antzezlana. “Ezberdina izatea altxorra bada, gauzak ezberdin egiteak konponbideak badakartza, Aioko uharteko biztanleak ez dira honetaz jabetzen”. Ezberdin izateagatik ingurukoek baztertu dituzten bi haur dira protagonistak, eta hauen bitartez giza komunitatearen komunikazio eta zaintza arazoak, hondamendiak, jeinuak, munstroak eta bidaia fantastikoak ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.
Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko dute azaroaren 25ean, 20:00etan, Zabiel kultur etxean. Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa dakarren proposamenak hiru emakume biltzen ditu mahai inguruan: “Tisana, pasta, azukre eta pastelitoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da?”. Erika Olaizola, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagak idatzi eta zuzendutako antzezlanak ordu beteko iraupena du, eta galdera bat planteatzen du: “Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?”.