Lekeitioko Garraitz irlako aztarnak eta arrastoak berreskuratzeko lanak gauzatuko dituzte
Lanen arduraduna Aranzadi Zientzia Elkartea izango da eta kostua 47.500 eurokoa.
Garraitz edo San Nikolas uhartea Lekeitioko erakargarritasun handienetako bat da. Are gehiago, 2019an Eusko Jaurlaritzak Parke Arkeologikoaren izaera aitortu zionetik. Azken udetan hainbat indusketa lan eraman dira aurrera, eta bertatik atarea dira, hain zuzen ere, urte luzez estalita zeuden arrastoak, horma eta aztarna berriak aurkituz.
Aranzadi Zientzia Elkarteak itsas ondarearen funtsezko pieza hau berreskuratzeko asmoz, “Garraitzeko parke historiko-naturala: Garraitzeko eremu erlijioso- militarraren egonkortzea” exekuzio proiektua idatzi zuen.
Proiektu horrek bi eremutan banatzen ditu irlako aztarnen multzoa. Batetik, eremu erlijiosoa, eta bestetik, eremu militarra. Aztarnak eta arrastoak berreskuratzeko eta hauek balioan jartzeko lanak bi fasetan banatu dituzte eta eremu militarren hasiko dituzte. Lehen fasean kuartela, bolborategia eta goiko gotorlekura bideratutako lanak egingo dituzte.
Lanak Harri, Construcciones & Mamposteria, S.L. enpresak gauzatuko ditu eta obra zuzendaritza zein kontrol arkeologikoa Aranzadi Zientzia Elkarteak egingo ditu. 47.500 euroko kostua izango dute lanek eta hilabete batean egitea aurreikusten dute.
Diruz lagundu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko sailak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailek.