Lea-Artibaik irabazi du BBK Sariketaren lehen kanporaketa
Saioa irabazita, bertokoek azaroaren 21ean Zornotzan jokatuko den finalaurrekoan aritzeko txartela eskuratu dute. Finalaurrekoa irabaziz gero, abenduaren 1ean Bilbon lehiatuko den finalean ariko lirateke Lea-Artibaikoak.
Gaur [azaroak 7] hasi da Markina-Xemeinen Bertsolari Gazteen 30. BBK Sariketa. Lea-Artibaiko taldea Arratiaren aurka lehiatu da, eta bertokoak izan dira nagusi. Saioa irabazita, Lea-Artibai taldea azaroaren 21ean Zornotzan jokatuko den finalaurrekoan ariko da.
Bertsolariak. Ondokoak izan dira gaur [azaroak 7] Markina-Xemeinen jokatutako saioan aritu diren Lea-Artibaiko bertsolariak: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga 18 urtera artekoetan, eta Garazi Navarro, Ander Anakabe eta Bittor Altube 19-26 urte bitartekoetan.
Antolatzaileek esan dute saioko publikoa Berakruz eta Bekobenta ikastetxeetako ikasleak izan direla. Saioa Etxahun Lekuek aurkeztu du, eta Miriam Juaristi, Beñat Romero eta Jone Antsotegi izan dira epaimahaiko kideak.
EGUTEGIA:
- Azaroak 9 (10:00): Leioako Betiko Ikastolan. Taldeak: Uribe Kosta eta Hego Uribe.
- Azaroak 14 (10:00): Bilboko Urretxindorra ikastola. Taldeak: Busturialdea-Durangaldea.
- Azaroak 16 (10:30): Mungiako Torrebillela Aretoa. Taldeak: Uribe Butroe eta Enkarterri-Ezkerraldea.
- Azaroak 21 (finalaurrekoa, 18:00): Zornotzako Zelaieta Zentroan. Taldeak: Lea-Artibai eta 2. saioaren irabazlea.
- Azaroak 23 (finalaurrekoa, 18:00): Barakaldoko Clara Campoamor kultur elkartean. Taldeak: 3. saioaren irabazlea eta 4. saioaren irabazlea.
- Abenduak 1 (finala, 18:00): Bilboko BBK Aretoan. Taldeak: 1. finalaurrekoko irabazlea eta 2. finalaurrekoko irabazlea.
Urteurren jaia, abenduaren 1ean. Txapelketaren urteurren borobila ere ospatu egingo dutela esan dute; finala egiten den egunean [abenduak 1] egingo dute ospakizuna. “Urte hauetan guztietan sariketan parte hartu duten bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak… egongo dira ospakizun horretan. Batu eta egindako bidea gogoratuko dugu”. Horrez gain, finala ospatu ostean, sorpresa txikiz betetako egitaraua edukiko dutela aurreratu dute. Eta ondoko bertsolariek ere jaian parte hartuko dutela esan dute: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria.