Amaia Lekunberri markina-xemeindarra, finalista Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 30ean izango da. Gaur kazetaritza eta komunikazio ataleko zortzi finalisten berri eman dute, eta tartean da markina-xemeindarra.
Amaia Lekunberri Ansolak ekoitzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izenburuko Larrun monografikoa aukeratu du epaimahaiak Kazetaritza Sariko finalistetako bat izateko. Atal horretako beste hiru finalistak ondokoak dira: ETBren Aske bizi dokumentala, Miel A. Elustondok Berria-n argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje sorta eta ETBren Biba zuek magazina.
Ostera, Komunikazio Sarirako finalistak ondokoak dira: enpresabidea.eus webgunea, Aiaraldea komunikazio proiektua, Aiora Mujika (Aiora Probatxoak Youtuben duen jarduera) eta Aiko Dantza taldeak sortutako aikotaldea.eus komunikazio proiektua.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 30ean egingo da, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Sari banaketa egiteaz batera, Elixabete Garmendia kazetaria eta Patxi Baztarrika RAKS sariketaren sustatzaileetakoa omenduko dituzte.