Indarkeria matxistarekin amaitzeko aldarrian zentratuko da Lea-Artibaiko Itaia
Bilera irekia antolatu dute zapatuan [azaroak 12], 12:00etan, Ondarroako gaztetxean. Azaroaren 19an, berriz, Lekeitioko gaztetxean, 12:00etan egingo da solasaldia.
Itaiak emakume langileen interesak defendatuko dituen tresna bihurtzeko aukera egin du ikasturte berrirako, eta horretarako proposamen politikoa landu du. Lea Artibaiko Itaiak, berriz, programa politiko horren indarkeria matxistarekin amaitzeko aldarriaren baitan zentratuko dela adierazi du. “Indarkeria matxistak forma berriak hartu dituen honetan, fenomeno horiek borrokatzeko bitarteko eraginkorrak martxan jartzea urgentziazko zeregina da, eta horretara datoz indarkeria matxistari aurre egiteko aurreko ikasturtean sortutako espazioak; etxeratze kolektiboak, protokoloak, erasoen aurrean eskuragarri dagoen telefono zenbakia…”.
Ikasturteari hasiera emateko Lekeitioko tabernetarako erasoen aurkako protokoloa sortu dute: “Itaiako kideei, espazioko kideei eta tabernariei, indarkeri matxistari erantzun antolatu bat emateko aukera ireki nahi izan diegu”. Asteburuan jarri zen martxan protokoloa Zuluan, Isuntzan, Norain eta Dzangan, eta antolakuntzatik adierazi dutenez, momentuz jai egunetan martxan jarriko den arren, etorkizun batean edozein jai egunetarako baliagarria izatea da helburua.
Azaroaren 25a. Itaiak proposatutako indarkeria matxistarekin amaitzeko aldarriaren baitan azaroaren 25ean eskualdeko herrietan deitu duten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lelopean. Deialdiak Lekeition eta Ondarroan egin dituzte: 18:30ean Lekeitioko udaletxeko eskaileretan, 20:00etan, berriz, Ondarroako Zaldupeko zubitik.
Bilera irekia. Azaroaren 25ari Itaiak ematen dion garrantzia azpimarratzeko, emakume langileen mesedetara egingo duten antolakuntza independente baten beharrizanaz hitz egiteko bilera irekia antolatu dute Ondarroako Gaztetxean, azaroaren 12an, 12:00etan. Lekeitioko Gaztetxean, berriz, azaroaren 19an, 12:00etan egingo da solasaldia.
Horrez gain, Ikasle Abertzaleek institutuetan deituko dituzten asanblada zabaletan parte hartzeko gonbita luzatu dute:
- Ondarroan, eguaztena [azaroak 9], 10:45ean.
- Lekeition, eguena [azaroak 10], 10:15ean.
- Mutrikun, eguena [azaroak 10], 19:00etan.