Iñigo Andonegi Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute
Argazkiak liburutegian aurkeztu behar dira. Sari banaketa abenduaren 23an egingo dute.
Azaroaren 25a da Iñigo Andonegi Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna. Gaia Mutrikuko altxorrak dira, hala nola, ondarea, natura, pertsonak, animaliak, paisaiak, ohiturak… “Zein da zuretzat Mutrikuk duen altxorrik preziatuena?”. Bada, lehiaketan parte hartzen dutenek galdera horri irudi batekin erantzun beharko diote. Epaimahaiak 12 argazki sarituko ditu, eta horiek udalaren 2023ko egutegia irudikatuko dute.
Lehiaketan edozein mutrikuarrek parte hartu dezake, eta bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkeztu ditzake. Parte hartzaileek euren lanak aurkeztu ahalko dituzte soilik, originalak eta ezin izango da beste pertsona baten argazkirik aurkeztu ezta beste lan original baten elementurik gehitu.
Lehiaketara aurkezten diren lanekin erakusketa bat egingo dute, eta herritarrek gustukoen duten argazkia aukeratu ahalko dute. Aukeratutako argazkia egutegiaren azala izango da eta sarituak 80 €ko bonoa jasoko du BERTAN elkarteko dendetan erabiltzeko.
Parte hartzea. Argazkiak formatu digitalean aurkeztu behar dira, liburutegian, ondoko ordutegian: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Argazkiarekin batera, kartazal itxi batean ondoko datuak aurkeztu behar dira: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa.