Ondarroako Ernaik ikasturteko lan ildoak zehaztu ditu
Pozik agertu dira izandako erantzunagaz. Herri mailan etxebizitzaren arazoa azpimarratu zuten.
Barikuan [azaroak 4] Ondarroako gaztetxean bildu ziren Ondarroako Ernairen ikasturteko aurkezpena egiteko. Antolakuntzaren proiektu politikoaren ildo nagusiak azaltzeko aurkezpenak 25 gazte bildu zituen. Lehenengo aurkezpena burutu zuten, ondoren, mahai inguruan bildu ziren afaltzeko. Antolatzaileak pozik agertu dira ekimenak izandako erantzunagaz. “Oso pozik geratu gara herriko gazteengandik jasotako erantzunagaz”.
Ernaiko aurkezpenaren helburu nagusia gazte antolakundeak azken ikasturtean aurrera eraman zituen kongresu prozesuaren ondorioak erakustea izan zen: “Nola ulertu da egungo errealitatea kongresuan? Krisi anizkoitza bizi dugu, belaunaldi krisia, Euskal Herriko nazio pultsuaren beherakada eman da eta Covid 19 pandemiak mugimendu sozialaren apaltzea ekarri du”. Egoera horren aurrean, Ernaik gazte estrategiaren bidez bere proiektu politikoa aurrera eramaten saiatuko da. “Gazte estrategiaren bidez, eta gazte frontea osatzeagaz batera, proiektu politikoa aurrera ateratzen saiatuko gara. Proiektu politikoaren helburua Euskal Herri independente, sozialista eta feminista lortzea izanik”.
Ernaik Euskal Herrian eta herri mailan egingo dituen nondik norakoak ere azaldu zituzten, alde batetik, ikasturteari dagokionez, eta bestalde, herri mailari dagokionez. Antolakuntzaren lan ildo nagusiak euskara, feminismoa, unibertsitatea eremua eta X. urteurrena izango direla zehaztu zuten. Herri mailari dagokionez, Ondarroako herri mugimenduan presente egoten jarraituko dutela azpimarratu zuten: “Herriko eragile ezberdin parte izaten jarraituko dugu”. Gainera, etxebizitzaren arazoa mahai gaineratu eta erdigunean ezarri zuten, antolakuntzak lehenetsiko duen lan ildoa izango dela zehaztuz: “Bizitzaren prekarietatea kontuan izanda, etxebizitzaren arazoa landuko dugu herrian. Hau izango da gure borroka nagusia”.