Zabalik dago Berriatuan egingo den azokan izena emateko epea
Azaroaren 26an elikagaien, artisauen eta animalien azoka egingo da Berriatuan, 10:00etatik 14:00etara. Eta horretan parte hartu nahi duten ekoizleek Lea-Artibaiko Landa Garapen elkartearen bulegoan izena eman behar dute. Astelehena [azaroak 14] da izena emateko azken eguna.
Zehaztu dute Landa Garapeneko bulegoa astelehenetik barikura 09:30etik 14:00etara egoten dela zabalik. Dena dela, posta elektronikoa idatzita ere izena eman daiteke: landagarapena@leartibaifundazioa.eus. Zalantzak argitzeko telefonoz deitu daiteke: 94-616 90 88.
Berriatuko Udala eta Lea Artibaiko Landa Garapena antolatzaileek, zenbait baldintza zehaztu dituzte izena eman nahi dutenentzat. Elikagaien salmentarako postuetan, esate baterako, salgai jartzen diren produktuak norberak ekoiztutakoak izan behar dira, ez dute birsalmentarik onartuko. Horrez gain, legeak eskatzen dituen betebeharrak egunean izan beharko dituzte. Era berean, artisauek Ekonomia Jardueren gaineko zergan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharko dira.
Animaliei dagokionez, herriko animaliek lehentasuna izango dute betiere osasun arau denak betetzen badituzte. Antolatzaileek zehaztu dute herrian dauden edo herrian ez dauden bestelako animaliak ekartzeko aukera aztertu ahal izango dutela, “azokan animalia klase gehiago erakusteko helburuagaz”.
Dietak ere zehaztu dituzte, sei hilabetetik gorako behi, txahal eta idiengatik 115 euro buruko. Zaldi, behor, mando, asto eta poniengatik 50 euro. Gorako ardiengatik, zazpi ardi eta adari bat, eta gorako ahuntzengatik, zazpi ahuntz eta akerra, 100 euroko aldrako emango dituzte. Euskal arrazako etxe abereen kasuan, oilo, untxi, antzar, ahate eta ahuntz lote bakoitzeko 50 euro, lote bakoitzak bi eme eta ar bat izan beharko ditu. Horrez gain, euskal artzain txakur bakoitzeko 20 eurokoa izango da dieta. Antolatzaileek zehaztu dutenez, euskal arrazakoak direla baieztatzeko, apuntatzerakoan ziurtagiria aurkeztu behar da.