50 suhiltzaile berri sartu dira Bizkaiko Suhiltzaile Zerbitzuan, tartean Lea-Artibaikoak
48 gizonezko eta 2 emakumezko dira zerbitzura gehitu diren profesional berriak. Horiek ondoko suhiltzaile etxeetan jardungo dute: Markina, Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Arratzu, Zalla eta Derio.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ongi etorria eman die enplegu publikoaren azken eskaintzaren bidez lanpostua lortu duten suhiltzaile eta gidarien promozio berriari. Guztira 50 pertsona berri sartu dira (48 gizon eta 2 emakume), eta horien artean daude Lea-Artibaiko herritar batzuk ere.
Horiek ondoko suhiltzaile etxeetan jardungo dute: Markina, Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Arratzu, Zalla eta Derio. Azaldu dute denek dutela esperientzia aurrerantzean jardungo duten lanpostuan.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2020ko uztailean enplegu eskaintza publikorako oposizioaren deialdia egin zuen Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan 50 suhiltzaile gidari berri sartzeko. Deialdian 993 pertsona onartu ziren azterketak egiteko. “Suhiltzaile berriek hautaketa prozesu luzea gainditu behar izan dute (azterketa teoriko orokorra, proba fisikoak, proba psikoteknikoak, ezagutza espezifikoen azterketa eta hizkuntza-eskakizunaren egiaztapena). Horrez gain, zerbitzuan hasi baino lehen 420 orduko derrigorrezko prestakuntza ikastaroa eta praktikaldia gainditu behar izan dituzte”.