Memoria sortzen joateko Oroimen Eguna, Mutrikun
Hitzaldia, erakusketa, ibilaldia eta Oroimen Eguna izango dira 36ko gerra erdigunean ezarriko duen egitarauaren oinarriak.
Domekan [azaroak 13] abiatuko dituzte Oroimenaren Eguneko ekimenak. Saturraran Elkarteak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean osatutako egitarauak hainbat ekimen dakar datozen egunetarako. “Gure helburua ez ahaztea da, ez da orain dela asko emandako egoera, herrian testigantza asko jaso ditugu eta ezin dugu ahaztu hemen gertatutakoa. Jakin behar dugu gerrak zer ekarri zuen Mutrikuko herrira”.
Gerra zibileko markak herrian osatuko den ibilbidea burutuko dute domekan, 11:00etan, Goiko Plazatik abiatuta. Aurten, ibilbide berri bat egingo dute herrian bertan, gerra zibilean herrian egon zen giroa azaltzeko asmoz. “Karlisten egoitza zein izan zen, baita ere errepublikanoena, non zegoen kartzela, non gordetzen zuten bolbora…”.
Bestalde, bi urtez egindako lanketan zentratuko da Gerra Zibila hitzaldia, hain zuzen ere, Debatik zetorren soldadu baten historian. “Testigantza baten bidez jaso genuen zaurituta zegoen soldadua hil ostean, lurperatua izan zela. Aranzadi elkartearekin harremanetan ginen, eta desobiratzea burutu da duela gutxi. Hortaz, egin dugun prozesua azalduko dugu”. Gainera, elkarlaneko harreman bati esker, lanketa hasi zutenetik jasotako testigantza guztiak Ahotsak elkarteak jaso ditu, eta entzungai daude.
Oroimenaren Eguna Saturraranen burutuko da, hain zuzen ere, harrizko monolito bat ezarri duten lekuan: “Saturrarango kartzelatik gelditzen den gauza bakarra horma bat da, bertan jarri dugu monolitoa kartzela gogoratuz. Danok joaten baikara hondartzara, eta ez dakigu leku horretan zein egoera jasan behar izan zituzten emakume horiek”.
Erakusketa ikusgai egongo da Zabielen, azaroaren 17tik 28ra. Erakusketan Saturrarango emakumeen kartzelari indarra eman nahi diote, hortaz, testigantzak ikusgai egongo dira, baita ere ikus entzunezkoak ere. “Egoera latzetan egon ziren emakume horiek, umeak hil ziren, lapurtu egin zituzten, baita Mutrikun bizitzen ere geratu ziren batzuk”. Horrez gain, Gurseko kontzentrazio esparruan egondako mutrikuarrek leiho bat izango dute, eta itsas gudariak ere atal bat izango dute.
EGITARAUA
- Domeka [azaroak 13]. Gerra zibileko markak. Herrian ibilbidea. Goiko Plazatik abiatuta, 11:00etan.
- Azaroaren 17tik 28ra. Gerra Zibila erakusketa. Astegunetan 17:00etatik 19:00etara, asteburuetan: 12:00etatik 14:00etara, Zabiel kultur etxean.
- Azaroaren 17. Gerra Zibila hitzaldia, 19:00etan, Zabiel kultur etxean
- Azaroak 20. Oroimen Eguna, Saturraranen.