2023an tasak ez igotzea erabaki dute Markina-Xemeinen, "egoera ekonomikoa zaila delako"
Markina-Xemeingo Udalbatzak aho batez hartu du erabaki hori azaroaren 9an egindako osoko bilkuran. Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan hobari berri bat ezartzea ere onartu dute.
“Azken hilabeteetan KPIaren gorakada nabarmena izan den arren, udala jakitun da egoera ekonomikoa zaila dela, eta, ondorioz, 2023rako udal tasak ez igotzea erabaki da”. Esan dute Udalbatza osatzen dutenek aho batez hartu zutela erabaki hori azaroaren 9an egindako ez ohiko osoko bilkuran.
Udalaren diru sarreretan ere gorakada egon dela eta erabakia hartzerakoan hori ere kontuan eduki dela argitu dute. Dena dela, Hiri Lurren Balio Gehitzearen Gaineko Zerga eta Barroeta futbol zelaia erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa igo egingo direla esan dute. “Hiru Lurren Balio Gehitzearen Gaineko Zerga %15etik %20ra igoko da 2023an, baina udalak aurretiaz onartutako salbuespenak mantendu egingo dira: gurasoetatik seme-alabei, seme alabetatik gurasoei eta izatezko bikoteen arteko herentzien kasuetan ez da kobratuko”. Bestalde, Barroeta zelaia erabili nahi duten eta herrian erroldatuta ez daudenentzako tarifa berriak onartu dituztela esan dute.
Hobari berri bat. Udalbatzak, gainera, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskalean %50eko hobaria ezarriko die familia ugariko titularrak direnei. “Hobari hori ezarriko da etxebizitzaren gutxieneko balio egozgarria 300.000 eurotik beherakoa bada”. Hobari hori familia ugaria erroldatuta dagoen ohiko etxebizitzari ezarriko zaiola argitu dute.
Kreditu aldaketak ere onartu ditu Udalbatzak eta, ondorioz, 2022ko udal aurrekontua igo egin dela diote. Ondokoak dira onartutako kreditu aldaketak (guztira 306.332,42 euro):
- Alkate dekretuz onartutako eta osoko bilkuran aipatutako kreditu aldaketa aipagarrienetakoak
- Zirkulazio eta aparkalekuen antolamendua (Ceprenor): 29.938,79 €
- Indarkeriaren biktima diren emakumeentzako I. Protokoloa: 9.100 € (diru laguntza Emakunde: 7.280 €)
- Urko ibaiko behe-arroa (Paisaia ekintzen plana): 18.029 €
- Olgetan 2022 diru laguntza handitzea: 5.027,98 €
- Maileguaren interesak: 1.649,70 €
- Hilerrian egin beharreko lanentzako proiektua egitea: 6.171 €
- Aizkolarien 2. mailako finala: 5.000 €
- Autokarabanentzako gunea aztertzeko txostena: 2.238,5 €
- San Jazintotik suhiltzaileen eremurako argiteria publikoa: 14.708 €
- Frontoi txikiko lanen kostuaren igoera: 3.321,45 €
- Brigadarako autoa (2. eskukoa): 15.000 €
- Udaltzaingoaren autoa erosteko diru saila osatzea: 5.000 €
- Gogora proiektua (2. faserako diru saila osatzea): 1.115,19 €
- Hilerriko birgaitze lanen lehen fasea: 50.551,74 €
- Soldaten %1,5eko igoera osagarria: 23.000 €
- Etxesagasti bidea: 31.291,52 €
- Asfaltatze lanak Bekobenta eskola aurrean: 4.598,51 €
- Kiroldegi ondoko parkerako egurrezko pasabidea: 6.352,5 €
- Arrate baserrian ura ateratzeko lanetarako lur saila prestatzeko lanak: 2.964,50 €
- Osoko bilkuran aho batez onartutako kreditu aldaketa aipagarrienetakoak:
- Inausketa lanak: 5.481,30 €
- Uhagonerako kutxa erregistratzailea berria: 1.247,75 €
- Udaletxeko kamerak: 29.760,88 €
- Arrate baserrian ura lortzeko azterketa geologikoa eta zundaketa: 20.178 €
- San Migel ermitako barruko lanak eta argiteria: 33.000 €
- Hainbat herri altzari (Erdotzan, Agustin Deunan…): 12.000 €
- Barinagako merenderoan erreka inguruko bidea ixteko eserlekuak: 10.000 €
- Hainbat eraikinetako energia gastuen partiden osagarria:55.600 €
- Arretxinagako plazan lurzoru berria: 16.666 €
- Elkorreko bidean laban ez egiteko tratamendua: 9.336,36 €
- Iruzubietako obrako likidazioaren gehikuntza: 10.337,28 €