Aldundiak Herritarrei Arreta Integrala emateko bulegoa zabalduko du Markina-Xemeinen
Bulego berria 2023an zabalduko dutela esan dute. Markina-Xemeingo suhiltzaile etxea berritu egingo dutela eta Ispasterreko maniobra eremua ere berritzeko eta hobetzeko lehen faseari ekingo diotela aurreratu dute.
“Gobernu digital inklusiborako trantsizioa” bizkortzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren 2023ko erronka nagusienetako bat. Dena dela, esan dute aurrez aurreko arreta indartzea ere badela erakundearen helburuetako bat, eta horri jarraituz, 2023an Herritarrei Arreta Integrala emateko bulego berri bat zabalduko dute Markina-Xemeinen; ez dute zehaztu non kokatuko den bulego berria, ez eta noiz zabalduko den ere.
Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak 2023ko aurrekontuei buruzko informazino saioan azaldu zuenez, sail horrek 94,1 milioi euro edukiko ditu 2023an, aurten baino 7,4 milioi gehiago. Azaldu dute aurrekontuaren erdia baino gehiago digitalizazion aurrerapausoak ematera bideratuko dutela: “Helburua da aldundiak berak eskaintzen dituen prozesuak eta zerbitzuak hobetzea, lurraldearen kohesioa, gizarteratzea eta lurraldeak ekonomia teknologikoan eta digitalean aurrera egitea, GovTech Bizkaia eta Datuaren Estrategia moduko proiektuekin”.
Sailaren beste lehentasunetako bat “udaletatik eta eskualdeetatik gertuago egotea” dela diote. Horretarako, 8,5 milioiko aurrekontua emango diote BiscayTIK Fundazioari, “tokiko erakundeen modernizazioa bultzatzeko”. Horrez gain, 3 milioi euro udal txikiei bideratuko dietela esan dute, “herri horiek azpiegiturak gauzatu ahal izateko”.
Horretaz guztiaz gain, Markina-Xemeingo suhiltzaile etxea berritu egingo dutela eta Ispasterreko maniobra eremua ere berritzeko eta hobetzeko lehen faseari ere ekingo diotela diote. “Horregatik, Prebentzino, Su Itzaltze eta Salbamentu Zerbitzura bideratutako diru saila %23,62 handitu dugu”. Gainera, suhiltzaile parkeetan eguzki panelak ipini, baso ibilgailu berri bat erosi eta flotako beste ibilgailu batzuk hobetuko dituztela esan dute.