Ekintzaileek zabalik daukate Leartibai Sarietara proiektuak aurkezteko epea
Sariketa Leartibai Fundazioak antolatu du, eta azaroaren 27a da proiektuak aurkezteko azken eguna. Sari ekonomikoez gain, saridunek bestelako laguntza edo erraztasunak ere edukiko dituzte.
Leartibai Fundazioak lehenengoz antolatu du Leartibai Sariak lehiaketa, eta ekintzaileak omentzeaz gain, lehiaketak eskualdean lanpostu berriak sortzea eta emakumeen artean ekintzailetza sustatzea ere baditu helburu. Azaroaren 27a da lehiaketara proiektuak aurkezteko azken eguna.
Parte hartzeko telefonoz deitu (94-616 91 72) edo posta elektronikoa idatzi behar da (bbasterretxea@leartibaifundazioa.eus); parte hartze fitxa bete behar da (lehiaketaren oinarriak irakurri). Zehaztu dute bost sari emango dituztela:
- Negozio ideia berritzaile onena: 2.000 €
- Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena: 2.000 €
- Kooperatiba ereduari saria: 2.000 €
- Gazteek proposatutako negozio ideia onena: 2.000 €
- Emakume ekintzaileari aipamen berezia eta saria: 500 €
Sari ekonomikoaz gain, irabazleek Leartibai Fundazioko aholkularien laguntza edukiko dute negozio ideiaren garapen eta azelerazioan. Horrez gain, lehentasuna edukiko dute Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegian kokatzeko eta erraztasunak edukiko dituzte Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko.
Zozketa. Lehiaketara aurkeztutako negozio ideia guztiak Leartibai Fundazioaren instagram kontuan ikusgai egongo dira abenduaren 15etik 22ra. Hala, eskualdearen beharretara hobekien egokitzen den ideiari Atsegin dut ematen dioten guztien artean bertoko produktuekin osatutako Hamen Bertokoa otzara bat zozkatuko dute.
Sariketa Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaiaren eta Lea-Artibaiko hamabi udalen laguntzagaz antolatu dute.