Lekitto Bedarraren eta ikasleen arteko elkarlana, komunitatearentzako onura
Lekeitioko Azkue ikastolako ikasle batzuek premia dutenentzako bertoko produktuak ekoiztea dute helburu, eta ortua nola landu ikasteko Lekitto Bedarra taldekoengana zuzendu dira. Lekitto Bedarrekoek gustura hartu dute ikasleen ekimena.
Lekeitioko Azkue ikastolan urteak daramatzate Zerbikas proiektua bultzatzen. Funtsean, proiektu horrek komunitateari zerbitzu bat ematea du helburu; ikasturte bakoitzean ikasleek erabakitzen dute zer eginkizun bete. Aurten, DBH2ko 15-17 urte bitarteko zortzi gazte daude proiektuan murgilduta, eta Zerbikas proiektua premia dutenentzako bertoko produktuak ekoizteko baliatzea erabaki dute. Eginkizun hori burutzeko eta ortua ahalik eta ondoen erabiltzeko, Lekitto Bedarra taldekoengana jo dute, aholku eta laguntza eske. Azken horiek gustura hartu dute ikasleen ekimena. “Izan ere, Lekitto Bedarraren helburu nagusienetako bat da ortu kultura zabaltzea“.
Lekitto Bedarrekoek azaldu dutenez, lurrak zer eskaini ahal dien jakiteko eta etekin hori nola lortu ikasteko hurreratu ziren ikasleak taldera. “Eguenero Usotegi parkeko herritarren ortuan edota ikastolako ortuan aritzen dira ikasleak euren proiektua garatzen”. Asteon, esaterako, 15:30ean Usotegin batu ziren ikasleak ortugintzari buruzko gauza berriak ikasteko. Eta aldamenean eduki zuten Julian Arrate Lekitto Bedarreko kidea. “Egun horretan, praktika modura, ilarrak eta babak erein zituzten. Gainera, ilarren haziak iaz ateratako landaretatik atera ditugu”.
Lekitto Bedarrekoek gogorarazi dute taldeko eta herritarren ortuko ateak zabalik daudela. Eguen guztietan Usotegin batzen dira, 16:00etatik 18:30era
Usotegin bertan ekoiztutako konposta erabili, baratzeko lerroak hazi berriak ereiteko prestatu…. Askotariko eginkizunak ari dira egiten ikasleak Usotegin. Eta egiteaz batera, ikasten eta beharra duten herritarrentzako janaria sortzen ari dira.
Lekitto Bedarrekoek diote horrelako ekimenak bultzatzen eta laguntzen jarraituko dutela. “Horrela, herrian sasoian sasoikoa sustatu eta zero kilometroko produktuak ekoizteko eta kontsumitzeko ohitura zabaltzen da”. Aurreratu dute datorren astean ikasleek ekoiztutako barazkiak batu eta horiek Elikagai Bankuari emango dizkiotela.
Elkarlan horrek, beraz, alde guztiak aberasten ditu: ikasleek proiektua burutzea lortzen dute, Lekitto Bedarrak ezagutzak partekatu eta zabaltzen ditu, eta herriak ere irabazi egiten du, beharra duten horiei janaria ematen baitzaie.
Taldera batzeko deia. Lekitto Bedarrekoek gogorarazi dute taldeko eta herritarren ortuko ateak zabalik daudela. “Herritarrei taldera batzeko deia egiten diegu. Aukera paregabea da arratsalde ederra pasatzeko, ortugintza ikasteko, elikagai bankuari eta atzetik dauden familiei laguntzeko, auzolanean aritzeko eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak egiteko”. Eguen guztietan, 16:00etatik 18:30era, Usotegin batzen direla gogorarazi dute. Horrez gain, taldeko kide izan nahi dutenek edo zer edo zer galdetu nahi dutenei posta elektronikoa bidaltzeko aukera dutela gogorarazi diete: lekitto.bedarra@gmail.com.