Asier Badiola preso ondarrutarra Euskal Herrira lekualdatuko dute
Espainiako Barne Ministeritzak bederatzi euskal preso euskal herriratzeko agindu du, eta tartean da ondarrutarra. Senideek zuhurtziaz hartu dute albistea.
Gaur [azaroak 14] jakin da preso ondarrutarra Euskal Herrira lekualdatuko dutela. Gaur egun El Duesoko (Cantabria, Espainia) kartzelan dago Asier Badiola Lasarte Indixu, baina ez dute esan noiz Euskal Herriratuko duten, ezta zein kartzelara lekualdatuko duten ere. Preso ondarrutarraren senideek HITZAri jakinarazi diote azken bisitetan presoak berak esan zietela urtea amaitu baino lehen Euskal Herrira lekualdatuko zutela uste zuela. “Presoen mugimendua ikusten zuen, eta esan egin zigun. Dena dela, ez guk ez berak ez dakigu nora ekarriko duten. Asierrek Zaballara lekualdatuko dutela uste du, baina ez dakigu ezer ziur”.
Albistea zuhurtziaz hartu dute senideek. “Nahiz eta El Duesora joateko denbora gehiago behar izan, Asier nahikoa ondo dago kartzela horretan. Ez dakigu hemengo kartzelan nola egongo den, zein egoeratan”.
Ondokoak dira Badiolagaz batera lekualdatuko dituzte beste presoak: Ignacio Javier Bilbao Goikoetxea (Topas, Salamanca), Orkaitz Gallastegui Sodupe (Topas, Salamanca), Jose Ignacio Guridi Lasa (Leon), Fermin Vila Mitxelena (Zuera, Zaragoza), Iñigo Zapirain Romano (El Dueso, Cantabria) eta Alberto Viedma Morillas (Topas, Salamanca).
Badiolaren lekualdaketak. 2013-14an Estremeratik (Madril) Picassentera (Valentzia, Herrialde Katalanak) lekualdatu zuten, eta 2021eko martxoaren 12an Picassentetik (Ondarroatik 655 kilometrora) El Duesora (Cantabria, Espainia) lekualdatuko zutela esan zuten, etxetik 120 kilometrora. Badiola 2021eko apirilaren 12an heldu zen El Duesora.